Datu hauek guztiak bat datoz udal getxoztarrak eskuartean zituen informazioekin. Profila bat dator ezagutzen genuenarekin: hegoamerikar jatorrizko etorkin kopuruaren igoera, Afrikatik datozen etorkinak gutxitu diren bitartean. Batez ere emakumezkoak dira, adin nagusikoak gainera, adierazi du asteazken honetan goizean emandako prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak.
Izapideak egin dituzten pertsonen bataz besteko adina 33 urtekoa da, hau da, lan egiteko edadean bete-betean dauden lagunak. Zentzu honetan, garrantzitsua da azpimarratzea 2005eko erregularizazio prozesuak lan kontratu bat edukitzea eskatzen duela baimena lortu ahal izateko.
Hutsuneak datuetan
Erregularizazio prozesua hasi dutenen kopuruari dagokionez, ezin daiteke ziurtasun osoz esan guztira zenbat diren, Zarraoak aitortu duenez. "Kontuan hartzekoa da Udalak dituen zenbakietatik etorkinen zati haundi bat nazionalitate komunitarioa duela (%20 inguru). Horretaz gain, Europako Batasunetik kanpoko atzerritarren gehiengoa lanean ari bada ere, ezin daiteke ahaztu lan egiteko edadean ez dauden adin txikikoak eta 65 urtetik gorakoak ere daudela", azaldu du udal agintariak.
Lan egoera honez gero zenbatek duen erregulatuta ere ez da ezagutzen. Dena den, 978 eskabide aurkeztu izana "oso interesgarritzat" jo du Zarraoak, "lan egiteko adinean dauden etorkin askok beren egoera erregulatzeko izapideak hasi nahi dutenaren adierazgarri delako".