Asteburu osoan ospatuko da Algortan Haur Liburuaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 30a, 23:38

Ohi bezala, Hans Christian Andersen idazlearen jaiotza gogora ekartzen duen Ume eta Gazteen Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da aurten ere Getxo udalerrian. Urteurrena betetzen den otsailaren 2an ez ezik, hurrengo egunean ere ekitaldi ugari antolatu dituzte udal liburutegiek, "neska-mutilen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz". Larunbat eta igande honetan, autore danimarkarraren lanak izango dute ardatz Algortako Telletxe plazan kokatuko diren hiru karpetan hainbat egongo diren jarduerak. Ordutegia, berriz, 12:00etatik 14:00etara izango da goizez, eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez.

Horrela, bada, gaztetxoenek "Ahatetxo itsusia" (irudian) ludotekaz eta "Berunezko soldadutxoa" Andersen ipuin famatuan oinarritutako tailer-guneaz gozatu ahal izango dute. Lehenengoan, marrazkiak egiteko aukera ere izango dute txikiek. Gainera, idazlearen ibilbide literarioaren inguruko erakustaldia paratuko dute Telletxe plazan. 4 eta 10 urte arteko umeentzako erakusketa dugu hau. Bertan, Andersen biografía azaltzen da eta autore honen lan ezagunenak ikusi eta irakurri daitezke

Horrekin guztiarekin batera, irakurle gazteek gustokoen duten ipuina hautatu eta jendaurrean irakurri ahal izango dute, begirale baten laguntzaz, Ipuinen Karaokean. Azkenik, eskarmentu handiko Rosa Maria Martínez kontalariak idazle danimarkarraren ipuin ezagunenetariko batzuk eskainiko ditu, 18:00etan erderaz, eta euskaraz 19:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun