Barakaldon giltzak jarrita zituen autoa lapurtzeagatik Erandioko gaztea atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 1a, 14:50

Erandioko 27 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzak, Barakaldoko kontzesionario baten ondoan aparkatuta zegoen kotxea lapurtu zuelakoan. Giltzak jarrita zituen ibilgailuak, polizia autonomikoko iturriek jakinarazitakoaren arabera. Arratsaldeko zortziak aldera, Volkswagen Golf markako autoarekin gurutzatu zen aipatu Ezkerraldeko herriko La Paz kalean ertzainen pratuila-autoa. Aurreko egunean ebatsia izan zela egiaztatu ostean, geldiarazten saiatu ziren, baina gidariak abiadura handian ihes egitea lortu zuen Barakaldoko kaleetan barrena, poliziak atzetik zituela. San Inazio kalean, ordea, auto-istripua izan zuen gazte erandioztarrak, bira egiten saiatu eta zintarri baten aurka jo zuenean. Oinez abiatu eta handik metro gutxira atzeman zuten ertzainek.

Autoaren jabeak jarritako salaketan aipatzen denez, asteazken arratsaldeko seiak aldera lapurtu zuten ibilgailua, Barakaldoko kontzesionario baten ondoan aparkatuta zegoela, giltzak jarrita. Istripuaren ondorioz hainbat kalte jaso zituen kotxeak. Atxilotutako A.G.P. erandioztarra, berriz, ohiko delitugilea da, Ertzaintzaren esanetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun