Algortako beren egoitzari egindako erasoa gogor salatu du Aralarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 1a, 19:26

"Mehatxuzko" esaldiez beteta agertu da gaur goizean Aralarrek Algortako Illeta kaleko 4. atarian duen egoitzaren hormak. Besteak beste, 'Putreak', 'Iruzurrik ez', 'Euskal Herriak erabaki du: Batasuna' eta antzerakoak idatzi dituzte norbaitzuk bart gauean. "Argi eta garbi esan nahi dugu ez dugula onartzen ez gure kontrako ezta beste inoren kontrako erasorik eta mehatxurik, eta, gainontzeko alderdi politikoei eskaintzen diegun errespetua eskatzen dugu geuretzat ere", dio Aralarrek plazaratutako oharra, ekintza gogor gaitzetsiz. Era berean, "orain arte egin duen bezala, pertsona, ideia eta proiektu guztien alde" lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Ez da antzerako zerbait gertatzen den lehenengo aldia Aralarren hitzetan. Gasteizko eta Iruñeko egoitzetan gertatu izan direnak jarri dituzte adibidetzat. Hain zuzen ere, "bizikidetzaren kontrako erasotzat eta herri honen normalizaziorako oztopotzat" jotzen ditu horrelako ekintzak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun