EAJ-EAko hautagaiak txalo-zaparrada artean jaso ditu Areetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 2a, 02:26

Mila bat pertsonen txaloak jaso dituzte arratsaldean Areetan Juan Mari Atutxa, Idoia Zenarruzabeitia, Joseba Azkarraga eta EAJ-EA koalizioko beste hautagaiek. Juan Jose Ibarretxe izan da, alde handiz, publikoaren gustukoena. Eskubide zibil eta politikoen urraketa gogoratuz Batasunako kontzentrazio bat aurrean kokatu zaiela, EAJ eta EAko politikariek "zaratak zarata eta irainak irain" aurrera jarraituko dutela esan dute. Ibarretxek haratago joan da: "maite zaituztegu eta ulertzen saiatzen naiz". PP eta PSOE ere kritika gogorrak jaso dituzte eta Juan Maria Atxutxa "erregistrora joaten ausartu ez den izatezko bikotea" direla esan du.

Arerio politikoak ez bezala "EAJ-EA koalizioa duen fidagarritasunarengatik eta bermearengatik ezaguna" dela esan du Atutxak eta ildo beretik ibili da Ibarretxe. "Bigarren aldia da EAJ-EA koalizioaren Bizkaiko zerrendaburu naizela eta harro nago, izan ere, koalizio honek ez baitu bisita txartelik behar. EAJ-EA koalizioa duen fidagarritasunarengatik eta bermearengatik ezaguna da" zehaztu du Atutxak.

Iturgaitzen bi bozkak

Eusko Legebiltzarreko presidentea oparoa izan da Gasteizko Parlamentoko adibideekin. Horrela, Carlos Iturgaitz aipatu gabe, Atutxak PPren inguruan "hautes-zerrendan bi eskuz bozkatzen duen norbait aurkezten duen kandidaturari zelan sines dakiokeen" galdetu du. Era berean, gogora ekarri du "azken lau urteetan, ehun bider baino gehiagotan, PPk, PSOEk eta Batasunak batera bozkatu dute gure proposamenen kontra egin ahal izateko. Nik, gauza hauek ikusten ditudanean, nire buruari zera galdetzen diot; nola fida daitekeen inor gure erakundeetan sinisten ez duen hautagai-zerrendan. Nola fida daitekeen inor euskal gizartearengan sinisten ez duen hautagai-zerrendan".

Bera, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Parlamentoko mahaikideak izateagatik auziperatuta daudela ere Areetan aipatu du Atutxak. Eta argitu du "desobedientzialariak ez" direla izan eta Madrilek egitea eskatu ziena ezinezkoa zela, Sozialista Abertzaleak taldea desegitea, alegia.

"Eta zer oparo digu etorkizunak? Erabaki hori zuon eskuetan dago. Gehiengo osoa lortzen baldin badugu, orduan, negoziazio prozesua zabalduko dugu berehala. Aldiz, PP-PSOEk guk baino boto bat gehiago lortzen badute, orduan, mantsotasun jarrerak geldiezinak izango dira" gaineratu du Atutxak.

"Ari, ari, ari, Otegi lehendakari"

Atutxaren ostean Juan Jose Ibarretxe oholtzara igo denean nabarmenak izan dira "ari, ari, ari, Otegi lehendakari" Batasunako kontzentraziotik egindako oihuak. Ibarretxek bere publikoa lasaitzen hasi da bere mitina, laster Arabako PSOEk hauteskundeetan edozein emaitza gertatuz gero ez dutela Ibarretxe Plana eztabaidatu edo negoziatuko esan duela oroitzeko.

"PP-PSOE koalizioa" gehiengoa izatekotan Ajuria Enean zer egingo luketeen galdetu dio bere buruari EAEko lehendakariak eta hona berak aurkitutako erantzunak: "euskara Nafarroan bezala" tratatzea, "EAEko Legebiltzarreko akordioak zaramara" botatzea eta "Zapaterok eta Rajoyk Madriletik" agintzea.

Madrilgo ezetza

"Madrilgo Gorteek ez zidaten danbatekoa eman niri edo lehendakariari, herri honen gehiengoari baizik". Horri erantzuteko, botoa EAJ-EA koalizioarentzat eskatu du Ibarretxek.

Publikoaren artean izan dira, besteak beste, Jose Luis Bilbao, Bizkaiko diputatu nagusia, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea, Karmelo Sainz de la Maza Eudeleko presidentea eta Leioako alkatea, Sabin Intxaurraga Ingurumenerako sailburua eta Josune Ariztondo EAJko Euzkadi Buru Batzarraren idazkaria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun