BBK-ko Udalekuetan 4.000 haur baino gehiagok parte hartuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 4a, 20:43

Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) beste behin antolatu ditu Udalekuak Sukarrietan eta Briñasen. Aurten 7 eta 13 urte bitarteko 4.000tik gora haurrek hartuko dute parte, erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez. 1925az geroztik antolatzen ditu BBK-k Udalekuak, eta hezkuntzan oinarritzen den aisialdi eskaintza luzatu nahi die neska-mutilei. Egonaldietarako eskabidea egiteko epea apirilaren 29ra arte izango da eta bi dira horiek aurkezteko modua: BBK-ren edozein bulegotara jotzea, edo nahiago izan ezkero, www.bbk.es web-atarian ere aurkez daitezke (apirilaren 22ra bitartean), formulario elektroniko bidez. Informazio gehiago behar izatekotan, berriz, hauek dira moduak: 944 232 323, 946 870 710 eta pedernales@obsbbk.com (Sukarrieta); eta 941 311 404 eta brinnas@obsbbk.com (Briñas). Udalekuetan bezala, BBK-k antolatzen dituen beste zenbait jardueratan parte hartu ahal izateko, haurrak gaztedi plan baten titularra izan behar duela gogoratu dute entitateko arduradunek.

Aurtengo edizioan, BBK-k zortzi txanda eskaintzen ditu, ekainaren 27tik abuztuaren 27ra bitartean, haurren oporrekin batera. Lehen zazpi txandak astebetekoak dira; horrela, haur gehiagok parte hartu ahal izango dute; azken txanda, aldiz, 15 egunekoa da. Eredu elebiduna edo euskarazkoa hauta dezakete haurrek egonaldietarako, aste bakoitzean leku batean edo besteak gogokoen dutena aukeratu ahal izango dutelarik (ondorengo astean alderantziz). Diruari dagokionez, 115 euro ordaindu behar dituzte astebeteko txandetan, eta 199 euro 15 egunekoan. Eskari gehienak lehen txandatan pilatzen dira. Horrela, eskabidea uztaileko azken asterako eta abuzturako egiteko gomendioa egin dute antolatzaileek.

Jardura ugari

Makina bat jarduera egiten dituzte haurrek Udalekuetan, kirola eta aisialdia uztartuz. Briñaseko egotetxea Errioxako Kantabria Mendizerran dago, eta Sukarrietakoa, berriz, Urdaibai biosferan.

Aurretik aipatu bezela, haurrek era askotako jarduerak egin ahal izango dituzte, zaldiketa edo mendiko bizikleta, besteak beste; gainera, egoitza bakoitzeko ingurunera egokitutako eskaintza ere garatzen da: Sukarrietan uretako kirolak dira nagusi, eta Briñasen, tirolina eta soka elastikoek aparteko arrakasta dute haurren artean. Horiekin batera, mendiko ibilaldiak, kanpaldiak, ohiko kirol-modalitateak, igerilekuak, tailerrak eta bestelako animazio jarduerak ez dira faltako.

Elkarbizitzako eta adiskidetasuneko baloreak sustatzea da Udalekuon helburua. Giza talde profesionala dagoeneko prest dago eta eguneroko lanaren ardura duten begiraleez gain, kiroletan bereziki trebatutako profesionalak, laguntzako langileak eta sorosleak ere arituko dira Udalekuetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun