Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azti-begia elkarteak, Aberri Egunean egin bezala eta Euskal Herriko irratia errealitate bilakatzeko bidean ekarpen gisa, irrati emanaldiak egingo ditu ostiraletik, apirilak 8, aurrera. Irratsaioak, ostiralaz geroztik egunero egingo dira apirilaren 15a arte eta, arratsaldeko 20.00etan izango dira entzungai interneten; hain zuzen ere, Azti-begia elkartearen orrialde elektronikoan: www.aztibegia.net. Irratsaioek ordu erdiko iraupena izango dute eta gauerdirarte errepikatuko dira etengabe. Emanaldi hauetan, hauteskunde autonomikoen kanpainaren jarraipena egingo da, baita alderdi desberdinetako hautagaien elkarrizketak zein analista politikoekin mahainguruak ere.
Esan bezala, ordu erdiko irratsaio hauek hilaren 15a arte izango dira; hauteskunde egunean bertan, apirilak 17an, emaitzen jarraipena eginaz ere emanaldia egingo du Azti-begiak eta, hurrengo egunean, astelehena 18an, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian izango diren bozaldien emaitzak oinarri, hauteskundeen balorazioa egingo duen irratsaioa eskainiko du elkarteak.
Martin Garitano kazetariak eta irratigintza adituak egingo ditu saio hauek, Mikel Peruarena lagun.
Azti-begia elkartearen orrialde elektronikoan entzun ahal izango da saioa, Windows Media formatuaren bidez. Entzun ahal izateko, elkartearen web orrialdean jaitsi ahal izango da aipatutako programa informatikoa.
Besterik gabe, ostiraletik aurrera hauteskunde autonomikoen harirako irratsaio berezia abiaraziko du Azti-begia elkarteak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.