Askatasunaren gogoeta Baskongadetako hauteskundeak direla eta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 5a, 22:58

Gure herrian hauteskunde demokratikoak ikusteko gaude oraindik. Azken hamarkada luzetan izan diren hauteskundeak marko legal atzerritarrek inposatutako joko arauekin egin eta parte hartu behar izan dugu. Besteak beste, hautes eremu zatikatuetan antolatu dira hauteskunde guztiak, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta hiritarron borondatea bortxatuz. Hain zuzen, egin ere, estatuen biolentzia estrukturala indarrean egon denean beti, zapalkuntza eta jazarpen militar eta polizial itogarrian. Edozein gisaz, enfrentamendu armatu eta politikoaren testuinguruan. Euskal herritar guztiek baldintza egokietan parte hartzeko aukerarik izan gabe, preso eta iheslari politikoek, esaterako.

Hori horrela izanik, antza denez nahikoa ez eta, Euskal Herriaren eskubide eta askatasunen kontrako oldarraldi politiko errepresiboak azken urteotan (98az geroztik) orain arteko defizit demokratikoa gutxi balitz, ilegalizazio prozesuekin hauteskundetan parte hartzeko eskubidea ukatu diote herri honetako sektore inportante eta klabe bati. Azken deialdietan, harrokeria eta inposaketa ezin haundi eta larriagoz egin eta berretsi dutena.

Egunotan, PSOEk, Batasunari debekatu, eta Aukera Guztiak hautagaitzari ere debeku bera ezarri dio, hain zuzen, aukera guztien parte hartzea aldarrikatuz, esklusioak salatuz eta demokrazia exijituz presentatzen zen hautagaitzari betoa ezarriz. Ezin erabaki larriagoa, gure ustetan. Izan ere, sufragio pasiboa debekatu zaio sektore zabal bati, baina eta sufragio aktiboa ere murriztu zaio zentsatuta dauden hiritar guztiei, aukera politiko bat (eta bi) hautatzea debekatuz.

Debekua Espainiatik dator, bai, baina...

PSOEk konponbidearen atea kolpe batez itxi nahi izan du, irrespontsabilitate osoz, Europan pareko erabakirik gabeko aurrekaria gauzatuz. PSOEri abertentzia egiten diogu, bide horretatik ez dela urrun iritsiko, eta batez ere, aurrez aurre herri duin bat izaten jarraituko duela. Zapalkuntza eta inposaketaren aurrean, tinko.

Baina ardurak ez dira hor geratzen. Hauteskunde autonomiko hauek Ibarretxe jaunak konbokatu ditu, jakinaren gainean egonik baldintza demokratiko minimoak ez direla ematen. Debekua Espainiatik dator, bai. Debeku horri aurre egin behar diola exijitzen diogu, debekua altxatuz edota hauteskundeak bertan behera utziz, deialdia egin duen bezala suspenditu dezala baldintza demokratikoak ez direlako ematen. Eta debeku horri aurre egiteko gaitasun politikorik ez badu berehala dimititu dezala esijitzen diogu.

Berdin exijitzen diegu parte hartu nahi duten alderdi guztiei, debeku horiek ez daitezen errespetatu indarra eginez, eta bestela hauteskundeak suspenditu daitezen eskatu dezatela. Hala, batzuen aldetik ikusten ari garen jokabide zikin eta zekena gogor salatzen dugu.

Hau da Espainiak Euskal Herriari eskaintzen dion "demokrazia". Hau da euskal herritarron balioa eta tratatzeko dakiten modu bakarra. Atxiloketak, torturak, espetxe politika kriminalak, heriotzak eta eskubide ororen ukazioa, zibil eta politikoak.

Saiak bezela boto apur batzuen bila

Askatasunak gogor salatzen du ere beste alderdiek herri honetako zati garrantzitsu baten eskubideen ukazioari aurre egin beharrean, apurren bila doazela, hauteskundeak bertan behera utzi edo eta, ez aurkeztearen aukera baztertu eta saiak bezela boto apur batzuen bila joatea leporatu behar diegu, bereziki Ibarretxe eta Imazi.

Askatasunak garbi du ilegalizazioaren aurrean eta konponbide bati begira, edozein aukera politikoaren aurretik, Batasunaren, Aukera Guztien eta herritar guztiek hauteskudeetan agertzeko duten eskubidea defenditu beharra dagoela, eta hori da hain zuzen ere gainontzeko alderdi politikoei eta eragileei ezberdinei exijitzen dieguna.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun