Mobilizazio eguna deitu dute ostiralerako ilegalizazioaren aurka eta autodeterminazioaren alde

Gazte mugimenduak hauteskundeen atarian "Euskal Herrian bizi den salbuespen egoera" salatzeko mobilizazioak deitu ditu hauteskundeak diren hiru herrialdeetan. Ostiraleko mobilizazio egunera deitzeko agerraldia egin zuten gazte mugimenduaren hainbat ordezkarik Gasteizko gaztetxearen aurrean. Euskal gazteei dei egin diete "hauteskunde autonomiko hauetan subjektu aktibo gisa aritzeko, ilegalizazio dinamika salatzeko, Euskal Herriaren salbuespen egoera antidemokratikoa zein eskubide zibil eta demokratikoen ukazio eta urraketa salatzeko, eta, gure herriaren etorkizunaren berme den autodeterminazio eskubidearen bandera zutik eta tinko mantentzeko".

Hitzorduak apirilaren 8an:

- Durangon 19:30ean Txiki ta Otaegitik
- Donostian 20:00etan bulebarretik
- Gasteizen 20:30ean Andra Mari Zuritik

Xede hori izango du ostiraleko mobilizazio egunak. Epaiketa, atxiloketak eta tortura gogoan hartuta egoera honetatik "alderdi espainiar eta autonomistek errentagarritasuna" ateratzen dutela salatu zuten atzo. Gehitu zuten, "euskal herritarron eskubide zibil eta demokratikoen urraketaren bidez errentagarritasuna ateratzea lotsagarria izateaz gain, putrekeri hutsa" dela.

Autodeterminazioa bakerako giltza

Legez kanpo utzi dituzten alderdiak "gazteon eskubideen defentza egiten" zuten eta erantzuleek "izen abizen zehatzak" dituztela gogoratu zuten.

Euskal Herriaren etorkizuna "bakean eta demokrazian" bizitzeko ezinbestekotzat jo zuten "bere hitza eta erabakiaren jabe" izatea herri hau. Ate horren giltza autodeterminazioa dela gaineratu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun