Batasunak Algortako San Nikolas plazan 20:00etarako deituta zeukan ekitaldi politikoa hasi baino hamar minutu lehenago heldu dira bertara Ertzaintzaren hiru furgoneta. Horietatik bi Basagoiti etorbidetik sartu eta Getxo Antzokia parean kokatu dira; hirugarrena, Andres Kortina eta Algortako Etorbidea arteko bidegurutzuen geratu da. Plaza inguruan tokia hartzen joan dira polizia agenteak, oraindik ere bertan zeuden lagun gutxiren harridura begiradapean. Ertzainekin zetorren kalez jantzitako gizonarekin hitzegitera hurreratu dira, denbora gutxira, mitinean hitza hartu behar zuten Joseba Etxebarria AuBko bozeramailea izandakoa eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusia. Minutu batzutan hitzegiten egon ostean, "ekitaldia egiten utziko zutela" zabaltzen hasi da dagoeneko dozenaka ziren lagunen artean. Hori bai, "ertzainak bertan geldituko zirela mitina egin bitartean".
Dena den, dei baten zain zegoen oraindik, antza, hautes-batzordearen izenean hitzegiten zuen kalez jantzitako gizona. (Azken hau ez du egiaztatzerik izan UKBERRIk, Ertzaintzaren Erandioko Prentsa Bulegoan horren gaineko zehaztasunik ez dute eman. Ekitaldia baimenduta ez zegoela baino ez dute adierazi). Gauzak horrela, 8:30ak baino apurtxo bat beranduago hasi da ekitaldi politikoa, ertzainak plaza inguruan eta bertan bildutakoak inguratzen zeudela. Txalo zaparrada jaso duen Christian Reinicke Getxo Biziako kideak eman dio hitza lehendabiziko hizlariari, Joseba Etxebarriari alegia..
Tentsio uneak
AUBko bozeramaile izandakoa hamar minutuz egon da berbetan. Ondoren, Rafa Diezi eman dio hitza. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak hitza hartu eta berehala, plaza erdira sartzen hasi dira dozena bat ertzain. Hori ikusita, korrika atera dira frontoi parean zeuden asko. Erdian zeudenak polizia agenteak geldiarazten saiatu eta tentsio uneak bizi izan dira. Bitartean, kalez jantzitako gizona Diez hitzegiten ari zen pergolara hurreratu da eta ekitaldia eten behar zutela adierazi die soinu-teknikari lanetan zeudenei. Hori esan eta berehala, hiruzpalau metro ezkerrera zegoen elektrizitate-generadorea itzali dute bi ertzainek. "Demokrazia Euskal Herriarentzat" eta antzeko oihuak entzun zitezkeen bertan bildutakoen partetik.
Lurrean eserita
Soinua moztuta zegoela ikusita, pergolako barandan jarri da Diez, plazan zeudenak beregana hurbil zitezen esaten ari zena entzuteko. Bitartean, laster amaituko zutela esanez zegoen Etxebarria ertzainen buru zen kalez jantzitako gizonari. Hala ere, polizia agenteak ere hurreratu dira jendearengana eta bertan zeuden lagunak lurrean jesartzea erabaki dute. Beste polizia agente batzuk pergola igo dira Diez bertatik kanporatzera. Hala ere, bere kabuz jeitsi da LABeko idazkari nagusia, "Adierazpen askatasuna" eta "Hau al da zuen demokrazia" oihuak entzungarriago egiten ziren bitartean. Azkenik, "Eusko Gudariak" abestu eta, ondoren, plazatik joaten hasi dira bildutakoak, ertzainek atzeraka zihoazen bitartean eta besterik gertatu gabe.