EHAK alderdiaren komunikatua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 7a, 21:14

Joseba Barrenetxea busturiarrak sinatuta, gaurko data duen "EHAK alderdiaren komunikatua" izenburuko mezua agertu da diasporavasca webgunean. Besteak beste, horrela dauka hasiera idatziak: "Gatazka gainditzeko aukera historikoa dago eta horretarako eskubide zibil eta demokratikoak defendatzen duen indar politiko bakarra hautestontzietan ere indartuta atera behar da". Bestalde, EHAKeko hautagaiek Euskadi 2005.net Interneteko hauteskunde foroan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Webgune horretan lekua izango dute Nekane Erauskin, Maite Aranburu eta Karmele Berasategi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zerrendaburuek, internet bitartez hiritarrekin hautes-eztabaidan parte hartzeko. Europa Press albiste agentziak, Gasteizko Parlamentuarekin eta Euskal Internauten Elkartearekin elkarlanean zabaldu zuten internet ataria eta, besteak beste, Sopela eta Getxoko Udalek ere parte hartzen dute ekimenean. Hautes Batzordeak legez jotzen dituen alderdiak agertzen dira bertan.

Horrela jarraitzen du, hitzez hitz, diasporavascan agertutako idatzia:

Zergatik EHAKri botoa?

Euskal Herriak bizi duen gatazka behingoz konpontzeko. Hauteskunde hauetan ez dago jokoan Legebiltzarraren kolorea, espainiar Estatuarekin irekiko den negoziaketa prozesua baizik. Gatazka gainditzeko aukera historikoa dago baita arrisku historikoak ere. Ez diezaiogun utzi PNVri duela 25 urteko akatsak errepikatzea. Besteen botoak plan bat bultzatzeko erabiliko dira, bakoitzak berea du (Ibarretxe plana, Lopezena, IUko plan federalista...), EHAK haratago doa. EHAKak jasoko dituen botoak Euskal Herriko eragile guztiak mahai baten inguruan biltzeko baliogarriak izango dira.

Bakea negoziaketa prozesu batetik etorriko dela argien dugun bakarrak gara (badirudi besteek presarik ez dutela) eta horretan herri honen nahiarekin bat egiten dugu: “eseri daitezela negoziatzera”.

Gainera, EHAKri botoa ematea, elkartasun eta gaitzespen botoa ematea da. Berriro ere, parte hartzea galarazi nahi izan diote gizartearen zati handi bati, hauteskunde hauekin behingoz instituzio guztietatik botatzea nahi zuten. Batzuk horren kontra daudela esan arren, apurrak jasotzen saiatzen ari dira dagoeneko euren kanpainetan baina, berriro ere, txarto atera zaie. Hauteskunde hauen emaitzekin estrategia horren porrota garbia erakutsi ahal dugu. Soilik boto kopuru esanguratsu batek geldi ditzake Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak.

Duela lau urte, PNVri botoa emandako jende askok EAEko autonomia jokoan zegoela ulertu zuen. Lau urte hauetan PNVk argi utzi du zer nolako etorkizuna nahi duen Euskal Herrirako. Ez diezaiogun utzi berriro PNVri iruzur egiten. Orain Euskal Herriaren etorkizuna dago jokoan.

Zertarako EHAKri botoa?

18tik aurrera negoziazio prozesua hasiko da. Jokoan dago prozesu horretan nork izango duen protagonismoa, baita zer negoziatuko den ere. Hori guztia baldintzatzeko ezinbestekoa da hauteskundeetatik EHAK sendotuta ateratzea.

Nola?

Ezker abertzalearen parte hartzea galerazi nahi dute. Oraingoan, EHAKak (Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista) eskubide zibil eta demokratikoen defentsa eta gatazka konpontzeko eszenatoki demokratikoaren aldeko aldarrikapena bere gain hartu du eta horregatik 17an EHAK bozkatuko dugu.

(Argazkia, Beti Gorriak EHAKren blog ez ofizialetik hartua)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun