Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Auzolanaren bitartez gaztetxea aurrera doala frogatu dute Itzubaltzetakoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 8a, 19:00

“Como alcalde vuestro que soy os debo una explicacion y esa explicacion que os debo ahora os la voy a pagar”. “Bienvenido Mister Marshall” Berlangaren filmaren esaldi horrekin hasi da gaur goizean Itzubaltzeta / Erromoko gaztetxeak ospatu duen ate irekien eguna eta inaugurazio sinbolikoa. Ondoren, hirurogei bat pertsona eta hainbat komunikabideren aurrean herrian egondako lau gaztetxe, Algortan botatako gazte ekimenak, Erromoko Gazte Asanblada ohiaren ingurukoak, auzolanak eta baita Zarraoaren haurtzaroa ere bertsoka ekarri dituzte gogora gaztetxeko kideek. “Itzubaltzeta gaztetxea” idatzita zeukan errotulua agertarazi ostean, auzokideei gaztetxearen bi solairutako areto guztiak erakutsi dizkiete bisita gidatuan. Amaieran, guztientzako luntxa prestatu dute gazteek. Kalera begira, eta burutu ez den Gobela kiroldegiko inauguraziora hurbildutako politikoei zuzenduta “Ongi etorri, Mister Marshall” leloko pankarta zintzilikatu eta pasodoble bat behin eta berriro jarri dute: “americanos, os saludamos, con alegria. Ole tu madre. Ole tu padre y ole tu tia!”.

Goizeko 11:15ean hasierako ekitaldiari ekin diote Itzubaltzetakoek. Pepe Isbertek “Bienvenido Mister Marshall” filman botatako esaldia botata, gaztetxearen bertsozaleen txanda izan da. “‘Todo por la patria’ / zetorren horretan / sartu ziren okupak / Santanako lurretan” bertsoekin Gobelix gaztetxe-skuat garaietara bidaiatu dute bapatean bildutakoak. Ondoren, Erromoko gaztetxeko eztabaidak gogoratu dituzte: “Bilbon baino txarrago / banderatxoen gerra”, hortik Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen haurtzarora pasatzeko: “Udatiarra zenez, Algortako auzoan / Zarraoa umea / agertu ta atoan / haurrek harrikatzea / zuten nahiko gogoan / mendekua ez da jaten / ez, plater beroan”. Hortik, antza, alkateak algortarren kontra desegiteko gogoa, eta Burdinola, Kutxitril eta Sastraka gaztetxeak botatzeko azken arrazoi freudianoa.

Gaztetxe berria

Baina, Algorta eta Getxoko gaztetxeekin nahikorik ez eta Erromoko gaztetxeaz gain Itzubaltzeta gaztetxea botatzea agindu zuen Zarraoak pasa den urteko Gudari egunean. Berriz, bertsozaleen aburuz, guda galdu zuen alkateak: “Gudari egunetik / hurrengo zapatura / aroztegi bat hustu / horixe abentura / okupazio berria / irabazita guda / Zarraoaren jetoa / ikusi nuke gura”. Horren ondoren, auzokideek egindako auzolanak goraipatu eta herritar guztiak “Itzubaltzeta-Enea”n ongi etorriak direla gogoratu dute. Hori esanda, aurreko gaztetxearen hondakinetatik berreskuratutako errotulua agertarazi dute atearen gainean.

Bisita gidatuan, auzokideek behe solairuko erabilera anitzeko gela ikusi ahal izan dute, non, asanbladak, kontzertuak, antzeslanak, bideo-forumak, hitzaldiak eta hainbat ikastaro burutzen diren. Areto bera taberna gisa ere erabiltzen da asteburuetan. Ondoan komuna dago. Goiko solairuan, biltegia, batzarren bi gela txiki, liburutegia, pankartak margozteko aretoa eta hacklabeko ordenagailu gela izan dituzte ikusgai bildutako auzokideek.

Etorkizunerako asmoak

Gaztetxe hau Itzubaltzeta / Erromon egon den egonkorrena da, dagoeneko urte erdia baino gehiago badu eta. Printzipioz, luze egoteko asmoa dute gazteek eta hori dela eta, etxearen fatxadako kolorea auzokideekin adosten ari dira, beranduago margozteko. Era berean, teilatuaren konponketarako plangintza diseinatzen ari dira, eta, bitartean, agenda nekaezinari bideak ematen dizkio gaztetxeko batzar nagusiak. Batzar hori, bestelako guztiak bezala, irekia da eta edonork parte har dezake, adina, sexua, edota iritzi politikoak kontuan hartu gabe.

Gaztetxeak berak dituen jardueraz gain, bertan biltzen dira hainbat talde: Euskal Herrian Euskaraz, Amalurra talde feminista, Gazte Asanblada, eta abar. “Resumen Latinoamericano”, Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea, Esanak Esan Algortako musika taldeak, Koska irratia, “Polborin” aldizkaria edota Amarratsak kolektiboa dira gaztetxe erabiltzen duten kolektiboetako batzuk.

Bestalde, interesa duen orok honako ikastaroetan, besteak beste, parte har dezake: perkusioa, jostea, bertsolaritza, euskal dantzak, Tahitiko dantzak edo eskulanak. Tailer guztiak mistoak dira.

Azkenik, Itzubaltzeta gaztetxeak uko egiten du Marisa Arrue Getxoko Alderdi Popularreko bozeramaileak eraikinaren inguruan esandakoa eta argi utzi ditu bi kontu, egituraren egonkortasuna eta auzokideekin duten harreman ona, alegia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun