Bilboko manifestaziora joatera deitu du Erromo eta Areetako Batasunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 8a, 20:35

"Eskubide zibil eta politikoen alde, orain herria, orain bakea, oztopo guztien gainetik!" lelopean, larunbat honetako 17:30ean Bilboko Donostia plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak Erromo eta Areetako Batasunak. "Eskubide zibil eta politikoak errespetatzen ez diren heinean, Euskal Herriak salbuespen egoera bizitzen ari da. Hori dela eta, zuok danak apirilaren 9an burutuko den manifestazio nazionalarako deialdia luzatzen dizuegu", adierazi dute ezker abertzalekoek. Nahiz eta atzo Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak ekitaldia debekatu, deialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki du Batasunak.

Hain zuzen ere, prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian legez kanpo utzi dituzten hainbat erakundeetako kideek, Ilegalizazioen helburua autodeterminazio eskubidearen defentsa "ekuazio politikotik desagerraraztea" dela salatzeko. "Estatu espainolak Euskal Herria aitortu gabe jarraitzen du eta, beraz, bakearen eta herri honen aitortzaren alde lanean ari diren eragileak zokoratu nahi ditu", adierazi zuten Itziar Lopategik eta Ainara Armendarizek.

HBk, Euskal Herritarrok, Batasunak, AuBk, Herritarren Zerrendak, herri plataformek, Askatasunak, Ekinek, Jarraik, Haikak eta Segik egindako idatziaren berri eman zuten. "Ilegalizazioaren dinamika basatiek eskubide zibil eta politikoen erabateko urraketan oinarritutako agertoki politikoan sartu gaituzte", helarazi zuten. Hori dela eta, "eskubide zibil eta politikoen alde inoiz entzun den oihurik handiena izan dadin", larunbatean Bilbon Batasunak deitutako manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak legez kanpo utzitako eragileek.

Uribe Kostakoak ere bai

Azken udal hauteskundeetara aurkeztutako Euskal Herriko gainontzeko ezker abertzaleko herri plataformek bezala, Uribe Kosta eskualdekoek ere bat egin dute larunbateko deialdiarekin. Gogoratu beharra dago, Barrika Baietz, Erandioztarrok, Getxo Bizia, Hain Ederra (Berango), Haize Abertzalea (Plentzia), Ipar Haizea (Lemoiz), Leioa Abian, eta Urdulizen Bagara legez kanpo utzi zituztela. Zortzi talde horiek Alderdien Legearenpean ezeztatu dizkieten 10 zinegotziak aldarrizkatzen dituzte. Sopela Aurrerak, berriz, traba legalak gainditu eta hiru zinegotzi eskuratu zituen. Azkenik, Gorliz Aurrerak ez zituen lortu behar izango lituzkeen botoak balizko zinegotzirik eskuratzeko.

Gaiaren inguruko berriak:

Bilboko manifestaziora deitu dute legez kanpo utzitako eragileek (Berria)

"Ekuazio politikotik atera nahi gaituzte", diote ilegalizatuek (Gara)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun