Kontseiluko Ildo Politiko-Instituzionalaren arduraduna den Iñaki Lasak Legegintzaldian normalizazioak eskatzen zuen neurriak bete behar ez izateko 'gehienengoaren nahia' edo 'errealitate soziolinguistikoa' gisako esamoldeak erabili izana salatu du. "Legegintzaldian sortutako legeak, dekretuak eta planak 'lagundu', 'bultzatu', 'sustatu' eta 'garatu' bezalako aditz ebaluagaitzez beterik daude eta guztiz desorekaturik ageri zaizkigu helburuak eta bitartekoak".
Halere, Xabier Mendigurenek, Kontseiluko Idazkari Nagusiak, txalotzekoak izan direnak ere aipatu nahi izan ditu. "Unibertsitate legea dugu horietako bat, sortze prozesua eredugarria izan delako. Eta honekin batera, Osakidetza euskalduntzeko plan bat egin izana, nahiz eta horietan ere zuzendu beharreko asko izan".
"Izan ere, normalizazioa lortzeko hizkuntza-politikaren erritmoa bizkortu behar dela adierazi nahi dugu, horrela ez baitugu aurrera egiterik", azaldu du Idazkari Nagusiak.
Pauso ugari eman gabe
Euskararen garapena eten duten ekintzak ere azpimarratu dituzte. "Euskal Autonomi Erkidegoko Jaurlaritzak ez du Administrazio Orokorra euskalduntzeko pauso eraginkorrik eman", Iñaki Lasaren iritziz.
Bestetik, Osakidetzaren euskalduntze-plana oraindik ez dutela abiatu ere aipatu dute. "Plana abiatu baino lehenago 1.800 langile berri hizkuntza-eskakizunik gabe kontratu izan dira".
'Euskararen garapena 2001-2005 Legegintzaldian' txostenaren arabera, hobetu beharrekoen artean lan mundua euskalduntzeko ahaleginak, dirulaguntzen kopurua eta Euskararen Biziberritze Planari buruzko informazio urria aipatu dituzte.
Honako helbide honetan aurki daiteke txosten osoa:
Euskararen garapena 2001-2005 Legegintzaldian (pdf)
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua