Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, hirukoak gehiengo osoa galdu eta EHAK-k sei legebiltzarkide eskuratuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 9a, 19:11

Eusko Jaurlaritzak apirilaren 17ko hauteskundeei begira egindako inkestaren arabera, EAJ, EA eta Ezker Batua-Berdeak alderdiek osatzen duten egungo hirukoari legebiltzarkide bat faltako zaio gehiengo osoa bereganatzeko. Izan ere, apirilaren 1etik 7ra bitartean bildutako datuak kontutan hartuz, EAJ-EA koalizioak 34 aulki atera, orain duena baino bat gehiago, eta EB-Berdeak taldeak egungo 3 eserlekuak mantenduko ditu. Gehiengo osoa lortzeko 38 aulki behar dira. Halaber, sei legebiltzarkide eskuratuko omen ditu Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistak (EHAK), 2001ean Euskal Herritarrok irabazitakoak baino bat gutxiago. Aralarrek, berriz, aulki bat lortuko du Gipuzkoan eta beraz lehenengoz Gasteizko Legebiltzarrean izango da.

Bizkaian, Gipuzkoan, eta Araban 2.002 herritarri egindako galdeketaren emaitzen arabera, bigarren indar politikoa PSE-EE izango da, eta nabarmen gora eginda, gainera: 13 eserleku ditu orain, eta 18 izango omen ditu. PP, aldiz, gainbehera doa. San Gilen alderdiak sei aulki galduko dituela aurreikusten du inkestak: orain 19 ditu eta 13rekin geldituko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun