Gobela kiroldegiak 5.400 lagun hartzeko gaitasuna dauka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 12a, 21:04
Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiak ateak zabaldu zituen atzo astelehenean erabiltzaileentzat. Guzman Aranaga Kultura eta Kirol Arloko zinegotziak azpimarratu duenez, “originalak, politak eta praktikoak dira azpiegitura berriak. Diseinua eta azken belaunaldiko teknologia eta materialeak erabili izana dira ezaugarri nagusiak”. Kiroldegia egiteko 15 milioi euro inguru erabili dira eta azken urte eta erdian egin dira lanak. Orotara, 5.400 lagun hartzeko gaitasuna daukate instalakuntzek, udal arduradunen hitzetan.
Gobela kiroldegia modu ofizialean ireki aurreko bisitaldi gidatuetan, puntuaketa bikaina eman die instalakuntzei bisitarien %62ak: kalitatea eta erabilgarritasuna nabarmendu dituzte, hurrenez hurren. Kirol esparruen zabaltasuna, irisgarritasuna, barruko argiztapena eta apainketa eta diseinua bezalako gaiak ere oso ondo baloratu dituzte bete izan duten galdetegian, udal arduradunek nabarmendu dutenez.

Kiroldegia aldez aurretik bisitatu duten 451 lagunei gutxien gustatu zaizkienak, berriz, erabiltzaileentzako aparkaleku falta eta dutxa kolektiboak izan dira.

Inkesta bete dutenen zati handi batek, %66k, Getxo Kirolen bazkide egiteko asmoa agertu du, eta Guzman Aranagaren ustetan, bazkide kopuruaren igoera nabarmena ekarriko du horrek. Bestalde, joan den asteburuko ate irekien jardunaldietan, bestalde, 4.000 lagun inguru batu ziren. Gaur egun 20.500 inguru dituzte Getxo udalerriko kiroldegiek.

Instalazioak

Kiroldegiak 27.000 metro koadroko azalera dauka eraikia, baita futbol zelaia ere, 1.250 ikuslerentzako harmailekin. Barrualdean, erabilera anitzeko pabilioia (areto futbola, saski-baloia...) eta aterpeko igerilekuak daude (neurri arrunteko bat –25x12 metrokoa–, ikasteko bat eta haurrentzako borobil bat), estalitako bost areto, 2 padel pista eta beste 2 tenis pista, kanpo aldean.

Era berean, 286 aparkaleku daude, eta horiexek maiatzean jarriko dira salgai, 12.500 eurotan. Lokalak eta bulegoak ere badaude herriko kirol taldeentzat eta datozen hilabetetan kafetegi bat irekiko da, udal arduradunek adierazi dutenez.

Instalazio hauek, hortaz, hemendik aurrera erabili daitezke. Argibide gehiago jaso edo zalantzak argitzeko Getxo Kirolen telefono zenbakira deitzea besterik ez dago, 94 430 80 70ra.

Gobela kiroldegia aurkezteko liburuxka (pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun