Oasiak basamortu idorrean - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 13a, 00:02

Apirila gauza berriekin etorri zaigu, askoren interesekoak, kolore askotakoak eta bizitzari freskotasuna ekartzen diotenak:

- Lehengo eguenean ikastolara Edorta Jimenez etorri zitzaigun berbaldi bat egitera. Ikasleek “Urdaibaiko ipuin eta kondairak” liburua irakurri zutela eta, lanari buruzko ordu beteko berbaldia egitea eskatu genion idazleari. Berbaldi entretenigarria, benetan, aberatsa, sakona... baina umoretsu eta entzulegoaren mailari egokitua; 14 urteko neska-mutilei literaturaz, erlijioaz, gizarteaz... bizitzaz gauza berriak jakiteko aukera eman ziena, eta uneoro adi egonez entzun zutena.

- Lehengo domekan Itsas-Argia dantza taldeak alarde bat egin zuen Diman, eta seme nagusiak taldean dagoenez familikook Dimarako bidea hartu genuen semea eta beste guztiak dantzan ikusteko asmoz. Haiekin batera beste lau dantza talde, eta bostok kalerik kale eta plazarik plaza dantzan, hotzari eta euriari aurre eginez, eta hainbat guraso,lagun eta herritar uneaz gozatuz.

- Martitzenero legez, lehengoan ere Algortako bertsozaleekin batzeko aukera izan nuen: Bertso eskolan saio oparoa egin eta gero Lainoara, tragutxu bat egitera, eta “hirugarren denborako” bertsoak kantatzera, eta bide batez gure herria apur bat girotzen dugu.

- Datorren zapatuan Munitibarren bertsolari gaztearen eguna izango dugu. Batzuek, hain gazte ez izan arren, bertan egoteko asmoa dugu. Egun osoko jaialdia, duda barik herrian giro polita sortuko duena.

- Arkaitz Kanoren “belarraren ahoa” liburua irakurri berri dut. Irakurketa entratenigarria, eta laburra izanagatik ere interes eta sakontasun faltarik ez duena. Alegiazko narrazioa dugu, beste denbora bateko pertsonaiekin, baina benetakoak izan zirenak, eta egun batean ustez alegiazkoa den hori errealitate bihur daitekeela ohartarazten gaitu.

Interesgune mediatikoak, ostera, beste bideetatik joan zaizkigu: Aita Santua hil eta astebetean hedabideek Santu izateko bidean jarri dute, Raniero Monacoko printzea hil egin da, Ingalaterrako Carlos printzea Camilarekin ezkondu egin da... Denak famatuak, denak ondasun baliotsuez inguraturik, denak ustez zintzotasunez jantzirik... baina idorrak, gatz bakoak, kolore bakarrekoak, jendearen hutsunea betetzeko sistemaren hedabideek koloretako telebistetan zuri beltzezko izaerarekin ematen dizkigutenak.

Basamortu zabalean nork bere oasiak izango ditu: batzuek ugariak, besteek urriak edo askotxok agian bizitzan zehar topatu ezinean dabiltza. Horiek ematen digute duintasunez bizitzeko beharrezkoa dugun ura eta freskotasuna; mundua aberats eta koloretsu ikusten laguntzen digute. Zoritxarrez, beharrezkoa den ur hori topatzea sarritan zail egiten zaigu, gero eta zailagoa. Basamortua tristea idorra eta kolore bakarrekoa da, bai, baina indar handikoa eta oasiak desagertarazten ditu, ura, freskotasuna, kolorea... betiko desagertarazten ditu, edo agian osin sakon batean eskutatzen ditu egun batean merkatuan salgai ipintzeko.

Ura guztion ondasuna da, eta gure inguruko iturri txikitxoen bila gabiltza gure inguruak urez ornitzeko, ur horrek aurrera segitzeko indarra emango digulako. Basamortuz inguraturik gaude, eta horrek gutxien espero dugunean jan gaitzake, baina bitartean mendietako ur freskoa non bilatu jakinez gero eskura izango dugu, eta gainera ur hori ez dago salgai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun