Guztiek nahi zuten berebiziko exijentzia hori bete eta gero, hurrengo asteetan Bariku Santuko akordioen aspektu batzuk betetzen hasiko direla susma dezakegu, seguruen. Eta seguruen diot, ezen akordio ospetsu haien espiritua eta letra inoiz beteko diren inongo bermerik ez baitago. Joan berri den hogeigarren mendeak ikasgai argi eta gordin bat utzi digu besteen artean, hots, politikagintzan, lortutako akordioak inoiz ez dira behin betikoak. Horiek betetzea eta betearaztea beti egongo da une bakoitzeko indar erlazioen menpe. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, hodei ezin ilunagoak usaintzen dizkiot ortzemugan Irlandaren askatasunaren kausari.
Arestian aipatu dudan Adams-en eskaria, Bariku Santuko akordioen aurkako txantaia eta sabotaia kate luze baten azken maila baino ez da (ikus UKBERRIko abenduaren 11ko Irlandako bake prozesua, ustelduta). Horiekin batera, ezin ahaztu, errepublikarren amore emate etengabeak eta Sinn Fein-en hauteskundeetako igoera ere etorri dira. Prozesu luze horretan zehar, unionistak jarrera muturrenekoen inguruan multzotu dira, Bariku Santuko akordioen guztiz kontra dauden horietan, alegia. Eta gero eta indartsuago sentituz, beren helburuaren alde egiteko unionistek gobernu britainiarraren, Hego Irlandako gobernuaren, irlandar nazionalista moderatuen eta AEBen laguntza ordainezina izan dute. Jasan duten presio etengabea paroxismoraino heldu delarik, atzeraka eginez, beren ahulezia erakutsiz, independentista errepublikarrek haien mugimenduaren punturik indartsuenean amore emateraino iritsi dira azkenean, borroka armatuan, alegia. Eta koiuntura honi gehitu behar zaio Sinn Fein-ek elektoralki aurrera egiteko perspektibak azken bultzada eman diola mugimendu osoari bide elektoral eta erreformistetatik sartzeko erabakiari. Gauzak horrela, ez diot etorkizunik onik ikusten irlandarren askatasunaren aldeko borrokari.
Azkenik, ondoriozta dezakegu dinamika parlamentarioa jarrera politiko kontsekuenteak porrotera eramateko zorian dagoela Ipar Irlandan. Sistema parlamentarioan sartzeko eta bertatik aritzeko tentazioa handia da eta egoera usteltzeko faktore garrantzitsu bilakatu da. Logika parlamentario-estatalistak eta botoaren sakralizazioak ez du deus ere balio egoerak errotik aldatu nahi direnean. Gauzak baretzeko eta bere horretan mantentzeko, ordea, ezin hobea da. Logika hori amaierara eramaten ari da une honetan betidanik printzipioei fideltasun etengabean oinarritu izan den politika askatzaile irlandarra.