"Anoetako proposamena, bakea eta demokraziaren alde" EHAK bozkatzeko eskatu zuten Sopelan Otegi eta Goirizelaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 13a, 12:33
Sopelan batutako Batasunako ehundaka zaleei EHAK bozkatzea eskatu zieten atzo arratsaldean Arnaldo Otegi eta Jone Goirizelaiak. "Gobernu baten kolorea" baino "askoz gehiago" dagoelako jokoan egin zuen eskaera Otegik, Euskal Herriaren estatus politikoaren negoziazio prozesu bat egongo dela ziurtzat joz. "Maria San Gil, Acebes eta Madrilgo frankista guztiek EHAK hauteskundeetatik kentzeko hainbeste lan hartzen ari" direlako ere eskatu zuen botoa Batasunako eledunak. Goirizelaiak, berriz, Anoetako ekarpen politikoa, Ibarretxe planaren inguruko bozkaketa, Zapaterori bidalitako gutun irekia, Nazio Eztabaidagunean parte hartzea eta, azkenik, apirilaren 17an EHAK bozkatzea Lizarran hasitako ibilbidearen jarraipen politikoa direla argudiatu zuen.
Sopelako udaletxeko plazan hasi zen mitina 19:45ean. Inguruan ez zen ikusten Ertzaintzako kiderik edo beste polizien agenterik, baina geroago Jone Goirizelaiak aipatu zuen plazako izkina batean bazirela, antza, kalez-jantzitako poliziak. Goirizelaiaren ustez "beldurra digute" eta horregatik "oztopoak" jartzen dizkiete Espainiako Estatuak eta bestelako alderdiek. Goirizelaiak herritarrei eskertu zien orain arte egindako lana eta Ibarretxe gogor kritikatu zuen, bere ustez, Madrilen aginduetara dagoelako eta esandakoa ez duelako betetzen. Ibarretxe bera, Espainiako Estatua, EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralar urduri daudela esan zuen Goirizelaiak "ezker abertzaleko mezua jendearengan sakon sartzen ari delako eta kontuak ez zaizkielako ateratzen". Horregatik, "ehiza politikoa" eta "polizi-juridikoa" martxan dabil "Batasunaren lana zapuzteko".

Batasunaren lehentasunak

Sozialista Abertzaleen legebiltzarkideak hauteskunde hauek "antidemokratikotzat" jo zituen, baina horien osteko legebiltzarrean egotea oso garrantzitsua izango dela azpimarratu zuen. Batasuna bertan ez dela egongo gogoratu ondoren "gure ideiak ez dituzten batzuen bidez" Batasunaren lehentasunak diren bakea eta demokrazia Gasteizko legebiltzarrean izango direla iragarri zuen.

Ezker abertzalearentzat duintasunaren garaia dela eta lehen ez bezala "orain mundu guztia aldaketaren alde" dagoenean, Lizarran hasitakoa aurrera eramateko ordua dela ziurtatu zuen Goirizelaiak. "Horregatik, azaroaren 14an prozesua abian jartzeko proposamena egin genuen, jausi politiko kualitatiboa egiteko". Eta horren ondoren hartutako erabakiak (Ibarretxe Planaren inguruko bozkaketa Gasteizko Legebiltzarrean, Zapaterori bidalitako gutun irekia eta Nazio Eztabaidagunean aritzea) gogoratu zituen. Ildo horretan jarraitzeko eskatu zuen botoa, "boto abertzale eta ezkertiarra, ez azoka-txikiko ezkerra, Ezker Batua, Madrazoren ezkerra, betetzen ez diren opariz beteta dagoena". Amaitzeko, berriro EHAK bozkatzea eskatu zuen Goirizelaiak, "ilegalizazioaren kontra eta bakea eta demokraziaren aldeko apustua egin dutenek gure laguntzaz emaitza onak izan dezaten".

Otegiren txanda

Arnaldo Otegik "Gobernu baten kolorea" baino "askoz gehiago" dagoelako jokoan eta apirilaren 18tik aurrera negoziazio prozesu bat izango delako eskatu zuen bozka EHAKen alde. Batasunako eledunaren ustez negoziazioan nor egongo den eta abian jarriko den prozesu politikoa zein izango den erabakiko da 17ko hauteskundeetan: "1977ko eredua non alderdi batek Madrilekin negoziatzen duen" bere interesen alde eta herriaren kaltean, "gatazka politikoa irekita utziz" ala "Anoetako eredua, 2005eko eredua, turbo-diesel eta berma guztiekin, non interesa duten alderdi guztiek jesarriko diren".

Negoziazio mahaiak

Ildo beretik, Otegik Anoetako proposamenean bi mahai aurreikusten zirela gogoratu eta bi mahaietan berrikuntzak zeudela jakinarazi zuen. Alde batetik, Aberri Egunean Nazio Eztabaidagunean sinatutako akordioaren bidez lehenengo mahaia, eragile guztiak oraindik bertan ez egon arren, "martxan dagoela" ziurtatu zuen eta bigarren mahaia ETAk eratzen saiatzen ari dela esan zuen, orain dela aste bat "Berria"k Euskadi Ta Askatasunari egindako elkarrizketari aipua eginez. Horren ostean, kritika gogorrak bota zituen Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria eta Ramon Zallo aholkulariaren kontra testuinguru horretan hauteskundeak aurreratzeagatik.

Batasunak gatazka definitiboki itxi nahi eta ardura politikoz jokatuko duela esan zuen Otegik: "tresna legal bat dago, legalki arituko dena hauteskundeetan, bere ideiak bazterrean utzi eta, ez Batasunari, herriari bere hautes-orria eskaini dio" gogoratu zuen eta horregatik, Anoetako proposamena, bakea eta demokraziaren alde, Batasunak EHAKen aldeko botoa eskatu duela esan zuen Sozialista Abertzaleen legebiltzarkideak.

Bukatzeko, EHAK bozkatzeko beste arrazoi bi "askoz sinpleagoak" eman zituen Otegik: "Maria San Gil, Acebes eta Madrilgo frankista guztiek EHAK hauteskundeetatik kentzeko hainbeste lan hartzen ari" direlako eta "min gehien ematen dien hautes-zerrenda delako". Esaldi horien ostean, preso eta errefuxiatu guztientzako txalo zaparrada izan zen, Otegik eskatuta. Ondoren, plazan ziren guztiei EHAKen aldeko kanpaina egiteko deia egin zien Batasunaren Nazio Mahaiko kideak. Eusko Gudariak abestu eta gero, luntx batekin amaitu zuten mitina.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun