"Euskara ikasi, erabili, bizi eta hitz egiteko beharraren arrazoia edo zergaitia" da, Aitzpea Goenaga egilearen hitzetan, "Euskararen 7 bekatu nagusiak" obraren mamia. Goenagaren testuak, euskarak egunerokotasunean sortzen dituen hainbat egoera bitxiren- eta askotan larriren- isla egiten du, umorez, ironiaz, zorroztasunez jolastuz, baina euskararen inguruko arazoak mahai gainean jarri eta jorratuz, erantzunik eman gabe. Izan ere, ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea da obraren helburua.
Zazpi istorio labur
Horrela bada, egileak zazpi bekatu nagusiak (amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, nagikeria, hantustea eta tripazainkeria) baliatu ditu, istorio banatan euskarara ekarrita. Beraz, hamarren bat minutuko zazpi esketxek osatzen dute ikuskaria.
Istorio batetik bestera saltoa egiteko, argi aldaketa eta musika trantsizioak erabiliko dituzte, baina horrekin batera grabazio bat proiektatuko da eszenatokian egongo den pantaila batean. Ikus-entzunezko horretan Donostiako ikastetxe bateko haurrak agertuko dira euskararen inguruko hainbat galderari erantzuten. Esan barik doa haurren naturaltasunak eta iritzi bitxiek piperra eta gatza erantsiko dizkiotela une batzutan parodiara era gerturatzen den antzezlan umoretsu eta zorrotzari.