Ezkertiar guztiak antolatzeko eta mobilizatzeko deitu ditu POSIk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 14a, 01:44
Familia giroan burutu du POSIk arratsaldean Lamiakon deituta zeukan mitina. Jesus Maria Perez “Charter” eta Eunate Zalbide Bizkaiko zerrendaburuak bertan zirela, mahai ingurua burutu du ezkerreko alderdiak. POSIren ustez, apirilaren 17an EAEko hauteskundeen emaitzak ez dira gaurko egoeratik asko aldenduko eta arazoa berbera izango da: Euskal Herriko gatazka nazionalari buruzko sakoneko negoziazioa eta behin betiko konponbidea ematea. POSIren ustez nekez lor daiteke konponbidea “hauteskunde ez demokratiko” batzuen eraginez eta 2004ko martxoan hautatutako “negoziazioaren aldeko” PSOEko Gobernua “betiko frankisten” itzalpean aritzen dela. Gainera, Estatu espainiarreko erakunde guztiak frankismok janda daudela eta PP, PSOE eta EAJ alderdi nagusiek, Bruselasen edota Madrilen bitartez, AEBko nazioarteko enpresen interesen alde egiten dutela; bakea, demokrazia, industria eta langileen eskubideen alde lan egiteko deia egin die POSIk PSOEtik ezker abertzalera bitarteko ezkertiar guztiei.
Lamiakoko eskolari Hauteskunde Batzordeak agindutako mitina egiteko baimena Leioako Udalak ez duela bidali, atzerapenez hasi da POSIren ekitaldia. Garbiketa langileei hobeto zetorkiela, Areto Nagusitik guraso elkartearen bulegora aldatu du kokagunea laugarren internazionaleko alderdiak. Hor, lagunartean azaldu dute POSIko kideek egoeraz egiten duten analisia.

Hauteskunde ez demokratikoak

Orain arte hiritarrekin izandako hartu-emanetan, jendeak “18an dena berdin antzera” jarraituko dela pentsatzen duela nabaritu dute POSIko kideek. Indarren arteko neurketa eta aldaketa txiki batzuez aparte dena berdin jarraituko litzateke. Gainera, ez da egongo hauteskunde demokratikorik, Alderdien Legea “Batasuna ilegalizatzeko propio egindako legea” delako; hainbat plataforma ilegalizatu direlako; Aukera Guztiak jazarpenaren bidez eta 31.956 pertsona ikertuz ilegalizatu delako; eta “frankismoaren oinordekoek” EHAKen ilegalizazioarekin tematuta daudelako.

2004ko martxoan, “frankistek euskal herritarren kontrako gerra” jarraitzeko aukera galdu zuten, eta gogoratu dute martxoaren 11an, POSI, Batasunarekin batera, ETA ez zela atentatuaren erantzulea esan zuen alderdi bakarra izan zela. Testuinguru hartan, “negoziazioaren aldeko gobernua hautatu zuen herriak”, baina urte bat beranduago PSOE “PPren itzalpean” jarraitzen du eta elkarrizketaren kontra aritzen da POSIren ustez, EAEko Estatutu Berria baztertzean, HZ eta Aukera Guztiak ilegalizatzean eta Batasunaren kontrako Alderdien Legea berrestean. Gainera, “diskurtso berberarekin EAJ, PSOE eta abar, bihar ilegalizatu daitezke, betiko frankistentzat biak ‘filoetarrak’ direlako”.

Madril, Bruselas eta Washington

Baina arazoa ez da “alderdi frankista bat dagoenik, Estatuko erakunde guztiak frankismoak janda daudela” baizik. Eta erakunde horiek “nazioarteko enpresak eta AEBko inperialismoa” defendatzen dituzte. Horrekin bukatzeko aukera eta betebeharra PSOEk dauka, POSIren iritziz, baina ez du egiten eta atzerapauso bakoitzarekin PP hazten da. Bestalde, EAJ eta EA ere kritikatu dituzte POSIkoek, bere asmoa berejabetasuna ezik, Madril Bruselagatik aldatzea da, “eta Bruselasen Euskal Herriak ez du burujabetzarik, hortik etorri baitzen industriaren eraispena, PPk eta PSOEk aginduta, EAJren laguntzaz”.

Era berean, POSIk gogoratu du hainbat datetan euskal abertzalegoaren aurrerapausuak eta langileen eskubideei egindako erasoak batera etorri direla, EAJ eta PSOEren arteko aliantza baten emaitza. Eta PPk ere tresna bera erabili zuen: dekretazoaren kontrako mobilizazioei Batasunaren ilegalizazioarekin erantzun zuen; Prestigeren krisialdia “Egunkaria”ren itxierarekin; eta Iraken kontrako mobilizazioak presoei zigor osoak betearazteko dekretuarekin.

Testuinguru horretan, eta gatazka nazionala dagoen bitartean, dena manipulatua izateko aukera irekita ikusten duelako, POSIk Lopezi bidali dio gutun bat milaka herritarrek sinatuta bera eta Zapaterori Euskal Herrian benetako akordio batera hel daitezen eta euskal gatazka behin betiko konpon dezaten. Eta PSOE norabide horretara bultzatzeko ezkertiar guztiak (17an bozkatuko dutena bozkatuta ere) deitzen dituzte horren alde lan egiteko, Alderdien Legea bertan behera uzteko, Izarrentzat abian jarritako plana mahaitik kentzeko, industria eta nekazaritza suspertzeko, zerbitzu publiko eta pentsioak defendatzeko, pribatizatutako enpresa eta zerbitzuak nazionalizatzeko, herrien arteko elkartasuna sustatzeko eta erakunde frankisten eta Europako Batasunaren aginduekin bukatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun