Euren alderdien jokabidearekin bat ez datozen jeltzaleen eta sozialisten botua eskatu du Algortan Maria San Gilek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 14a, 12:29
Ibarretxe plana eta Lopez plana direlakoek Euskal Autonomia Erkidegoan "ezegonkortasun, sumin eta arazo handiagoak" sortuko dituztela esateko orduan bat egin zuten, atzo iluntzean, Algortako Igeretxe hotelean hitza hartu zuten PPko buruek. Horren aurrean, "ohiturari baino buruari kasu eginez, ETA-Batasunarekin itun gehiago nahi ez duten eta EAJk eta Joan Jose Ibarretxe lehendakariak hartutako erradikaltasun bidearekin bat ez datozen jeltzaleei" botua eskatu zien Maria San Gilek. Beste horrenbeste egin zuen PPko lehendakarigaiak "Patxi Lopezek bultzatzen duen jeltzaleekiko morrontzarekin" haserre dauden sozialistekin. Popularren hitzetan, "PP bozkatzea da ETA garaitzeko, Gernikako Estatutua garatzeko eta herritar guztiei zuzendutako gobernua izateko aukera bakarra".
Gainezka zegoen aretoan, EAJk bultzatzen duen Estatutu Berrirako Proposamena "independentziarantz" garamatzala adierazi zuen Maria San Gil popularren lehendakarigaiak, bertan bildutako 300 bat pertsonen aurrean. "EAEko herritarrek ez dute independentziarik nahi, eroso daude Espainiaren barruan. Politikariek benetako arazoetaz (etxebizitza, enplegua, erretiro-pentsioa...) arduratzea besterik ez dute behar", gaineratu zuen.

Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak bultzatzen duen egitasmoa, berriz, "Espainiako batasuna apurtu eta jeltzaleei arrazoia emateko modurik onena" dela argudiatu zuen Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko buruak. "Arazoak konpontzeko EAJ asetzean baino ez dute pentsatzen. Eta horiei zenbat eta gehiago eman, gero eta gehiago eskatzen dizute", gaineratu zuen. Are hurrunago joan zen Leopoldo Barreda. "PSE-EEren makaltasuna nabaria da. Erdian utzi dute kanpaina, eta 'komunitate nazionala' bezalako terminoak erabilita, jeltzaleei eusteko makila izateko baino ez dira gai", kritikatu zuen Bizkaiko zerrendaburuak.

EHAKren inguruan

Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK) kanpainan jarraitzeari dagokionez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen jarreraren aurrean suminduta dagoela adierazi zuen San Gilek. "Otegik ez du inolako zalantzarik eduki eta bere lekua aurkitu du EHAKren zerrendetan. Zapaterok, ordea, ez du alderdi horrek Batasunarekin loturarik duenik argitzen duen frogarik topatu", kritikatu zuen. Hori dela eta, "existitzen direla guztiok jakin badakigun" ebidentzia horien bila jarraitzeko eskatu zion Zapaterori. "Ez dugu horrenbeste lan egin, berriro ere ETA Eusko Legebiltzarrean egon dadin", amaitu zuen San Gilek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun