Goizean goiz, ErNEk Vasco Pressi adierazitakoaren arabera, kanpaldia ez zen bertan behera utziko egindako "aldarrikapenak erantzun duin eta erreala jaso arte". Ertzainen sindikatuak "arduragabekeria" leporatu dio Herrizaingo Sailari "Ertzaintzako langileen arazoei irtenbidea emateagatik baino" hauteskundeengatik kezkatzen delakoan. ErNE prest azaldu da edozein eran negoziatzeko eta kontrako jarrera edukitzea egotzi dio Balzak zuzentzen duen sailari.
"Mezprezuak nazkatuta"
Zentzu horretan, kanpaldiko antolatzaileek "ertzainen artean zabalduta dagoen lanera ez agertze kopuru handia eragiten duten apatia eta desengainua" arazo larritzat jo eta hori ukatzeaz akusatu dute Barne Saila, "mezprezuak nazkatuta, nekatuta eta gogoa galduta dagoen lan taldea apirilaren 17ko hauteskundeetatik irtengo den hurrengo gobernu taldeari herentzian utziko" diolako.
Era berean, ErNEk gaitzetsi du Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioa. Haien ustez ertzainak "ondo ordainduta" daudela eta 35 ordu lan egiten dituztela esatean lan egutegietan egiten diren "gehiegikeriak" eta atsedenaldi txandekin dagoen "errespetu falta" ezkutatzen dira.