Eskubide zibil eta politikoen alde - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 16a, 12:47

Aurten hiru urte beteko dira Espainian Alderdien Legea onartu eta Batasuna legez kanpo jarri zutenetik eta zazpi urte 18/98 eta ondorengo sumario ezagunak irekitzen hasi zirenetik. Beste erakunde politikoen ilegalizazioak tartean izan dira, lehenago eta beranduago komunikabide desberdinen itxierak, frankismoa baino askoz lehenagokoa euskal herritarren torturatzea. Ilegalizazioa ez da gure eskubide zibil eta politikoen urraketa bakarra eta oinarrizko eskubide demokratikoak haratago doazela konturatzeko, egunerokoari so egin besterik gabe, historiari begiratu edo Udalbiltzak 2002an jorratu zuen Euskal Herriaren Eskubideen Karta(pdf) irakur dezakegu adibidez.

Hala ere ilegalizazioa eta ondorengo apartheid politikoa nekez izkuta daitezkeen eskubide urraketa larri larriak dira. Besteak bezala betebeharrak ditugun herritarrak, hauteskunde mahaietan lan egitea zozketan tokatzen bazaigu, adibidez, eta baita ere zergak ordaintzea, ez ditugu eskubide berdinak. Ezin dugu hautagai izan eta nahi diogunari ezin diogu botoa eman, agiri bat sinatu edo ekimen politiko bat babesteagatik gure bizitzari buruzko ikerketa zehatza egin dezakete eta “terrorista” bezala seinalatuz izateko eta nor bere burua defendatzeko eskubiderik gabe utzi nahi gaituzte. Duela 20 urte susmagarri izan zintezkeen, Ajuria Eneako Mahaiaren garaian bazterketa politiko sistematikoa jarri zen indarrean eta ilegalizazioak heriotza zibila dakar.

Duela bi urteko udal hauteskundeak izan zirenean gure borondatea eta gure bozak baliogabeak zirela esaten tematu ziren asko eta asko hauteskunde kanpainan zehar. Hauteskundeak eta gero herri borondate anitza berriro ere agerian geratu zenean eta legez kanpoko zerrendek babes zabala jaso zutela ikusita, herri borondatea egunero baliogabetzen tematu dira Alderdien Legea ezarri zutenak eta baita ere irizpide demokratiko ororen aurkako legea de facto onartu eta egunerokoan ezarri ere egin dutenak. Gizartea harekin bizitzera ohitu nahi izan dute.

EHAK

Oraingo hauteskunde kanpaina argigarria izaten ari da. Aukera Guztiak publikoki aurkeztu egin zenean tentuz ibili ziren eta neurri batean formak gorde zituzten, nahiz eta praktikan sinadura bat eskeintzeko ere kapaz izan ez ziren Imaz eta Urkullu adibidez. Hori baino gehiago inondik inora ere ez eta bide batez Batasunaren kanpaina estaltzeko baliatu zuten.
EHAK alderdi politiko legalak, hauteskunde programa alde batera utziz Aukera Guztiak zerrendaren eskubide zibil eta politikoen aldeko oinarrizko konpromisoa bere egin duenetik, urduritasuna eta haserrea ezin izan dute izkutatu Gasteizko gobernu hirukoitzeko bazkideek. Etengabe aritu izan dira galdetzen ea zergatik EHAKri ez zaion Batasuna eta Aukera Guztiak zerrendari bezala Alderdien Legea ezartzen.

Hauteskundeetara aurkeztea herritarren oinarrizko eskubide gisa onartu ordez, jokoz kanpo aurreikusten zituzten botoemaleak arerio politiko gisa ikusi dituzte bapatean. Okerrik ezean boto baliogabearen diskurtsoa baliogabetu egin zaie oraingo honetan. Ezker Batuak eta Aralarrek berehala ohartarazi dute EHAKk ez duela programarik eta eurak bai. Zergatik izkutatu nahi dute oinarrizko eskubideak defenditzearren alde batera utzi duela bere programa EHAKk? Guztiok geure programak aurkezteko eta herritarren babes nahikoa lortzen badugu programok egikaritzeko aukera izan dezagun, aurrera eman duela pausoa EHAKk?

EAJ eta Ertzaintza

Aparteko aipamena Batasunaren ekitaldi politikoen debekuek eta Ertzaintzaren erabilerak merezi dute.
Apirilaren 6an arratsaldeko 8etan Algortako Txiki ta Otaegi plaza beltzek hartuta zegoen bitartean, Imazek bere alfonbra gorria jarri zion Madrazori Areetako Geltoki plazan, zozketetan jende gehien gehienari tokatzen ez zaizkion babes ofizialeko etxebizitzakak iragar zitzan eta Aitor Lafuente Alderdien Legearen ondorioz eta Getxo Bizia herri plataformari kenduta zinegotzi postua eskuratu duenari babesa adierazteko.

Apirilaren 9an eta Batasunak manifestazio nazionalerako deialdia enfrentamendu fisikoa ekiditzearren bertan behera utzi bazuen ere, Bilboko Aita Donostia plazako inguruak poliziez gainezka zeuden bitartean, EAJ eta EAk euren hauteskunde ekitaldi nagusia ospatu zuten Barakaldoko BECen. Aukera berdintasuna eta demokrazia bera ulertzeko modu bitxia hauena.

Askatasunez biltzen eta hitz egiten ere ez digute utzi nahi. Domeka honetan demokrazia eta bakeari ate bat irekitzeko aukera dugu. Milaka eta milaka izar gorriak banan banan zenba ditzatela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun