Zuerako espetxearen kontrako martxa egingo da apirilaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 16a, 14:04

Aragoiko talde antierrepresibo anitzek laugarren urtez Zuerako (Zaragoza) espetxearen kontrako martxa antolatuko dute datorren apirilaren 24an. Zuerako Makrokartzelaren Aurkako Ekimen Hiritarrak nabarmendu duenez, 2001ean Zuerako espetxea ireki zenetik 13 preso hil dira bertan eta hori dela eta aurten presondegietan gertatzen diren heriotzak izango da martxaren gai nagusia. Uribe Kostako 37 EPPKko presoetatik 4 daude Zuerako espetxean: Iñaki Bilbao urduliztarra, Olga Sanz eta Txabi Moreno sopeloztarrak eta Martin Etxegarai berangoztarra. Bilbotik ere autobusa irtengo da, Presoen Aldeko Kolektiboen Koordinadorak antolatuta, eta txartelak Barakaldoko gaztetxean eta Bilboko Likiniano liburudendan eskura daitezke.

Goizeko 10:30etatik abiatuko da martxa Zaragozako Madalena plazatik eta ekitaldiak Zuerako espetxearen aurrean izango dira, 12:00etatik aurrera:

- Suziri eta petardoak.
- Txalaparta.
- Madrilgo Drogaren Kontrako Amen hitzaldia eta eztabaida.
- Presoekin elkartasunean Vermu brindisa.
- Bartzelonako "Oskar con Kon K y Jaume con A" taldearen kontzertua.
- Gutun tailerra: presoen helbideak egongo dira beraiei idazteko. Antolakuntza taldea kezkatuko da gutunak bidaltzen.
- Presoek idatzitako gutunen eta berrien irakurketa.
- Zaragozako 1986 taldearen Rap kontzertua.
- Salahaketaren eskutik "Langraitz-Okako espetxeari buruzko txostenaren aurkezpena".
- Antzerkia: "Monologoak barrutik".
- Manolo Kabezaboloren kontzertua.

- Egun osoan zehar: banaketa etxeen saltokiak eta mahai informatiboak izango dira eta etengabeko zarata egingo da barrutik entzuteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun