Laudioko Quijotea - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 16a, 14:20

Laudioko PPko zinegotzi batek salatu egin du, PPko batek soilik sala dezakeen bezain kementsu, herri horretako udaletxeak indarkeriaren apologia egiten duen abestia zabaltzen dabilela umeentzako sehaska-kantak dauzkan CD batean. Hona hemen abestiaren berbak (kontuan izan euskarazko jatorrizko bertsioaren itzulpenaren itzulpena dela; hau matematika ez denez, joan-etorriak ez gaitu benetako abiapuntura eroango, baina balio beza):

“Lo egin, ume, hemen nago zu zaintzeko. Lo egin. Aita urrun dago, Euskadiren zerbitzuan. Ondoan ama duzu, inoiz utziko ez zaituen ama. Lo egin, ume, hemen naukazu zu zaintzeko. Aita preso dago, bihar zu aske izan zaitezen. Egunen batean itzuliko da, gu biokin egoteko. Ume, ume, lo hartu, hemen naukazu zu zaintzeko. Lo hartu ezazu. Gauaz izar bat dago zeruan. Milaka izango dira aita askatu eta gero. Ume, ume, lo hartu, hemen naukazu zu zaintzeko”.

Indarkeriaren apologia. Argi eta garbi, ezta?

El Quijoteren 400. urteurrena espainiartasuna goratzeko erabiltzen dabiltzan honetan, Laudioko zinegotziak Mantxakoaren pare jardun gura du, erraldoi beldurgarriak ikusiz errota paketsuak baino ez dauden lekuan. Cervantesen lumak sortutako pertsonaia gogoangarriari gertatzen zitzaion bezala, beharrak sortu ditu erraldoiak PPkoaren gogoan; irudikatzen ari diren fantasiazko Euskal Herriari eusteko ezinbestekoak dituzte, eta ez badaude asmatu egiten dira. Baina badago alde ederra literaturaren eta errealitatearen artean: Alonso Quijanok, gaizkileen borrero gisa agertu nahirik, biktima modura amaitzen zuen beti. PPkoek, berriz, biktima gisa agertu nahi dute, baina borreroak dira, orain 40 urte ziren bezala. Quijotek, gainera, aitzakia zeukan behintzat. Bera ez zebilen gezurretan, berak benetan ikusten zituen erraldoiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun