Sopelako Gazte Asanbladak Mecanica La Peña lantegi zaharra okupatu du Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 17a, 04:06

Sopela eta Urdulizko gazteak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladak (SGA) okupatu du gaur, larunbata, apirilak 16, 20:00etan Mecanica La Peñak Urdulizen zeukan lantegia. 60 kide baino gehiagok abian jarri dute Urduliz eta Sopelarako gaztetxe berria. Ordu bat pasa baino lehen Ertzaintza agertu da eta 57 pertsona identifikatu ditu. Ertzainek, aldiz, uko egin diote haien plaka zenbakia esan edo erakusteari. Ertzainek, okupei esan dieten moduan, identifikazioaren ostean alde egin dute eta gazteak eraikinean jarraitzea izan dute poliziek desalojatzeko agindurik ez zekarren eta.

Gaur egun, Mecanica de La Peña SA izandako enpresaren eraikina eta industrialdearen jabea omen da Bizkaiko Foru Aldundia. Aldundiak patioan biltzen ditu hainbat material, besteak beste, Gorlizko hondartzakoa, baina guztiz baztertuta dauka eraikina bera.

Gazteek ganbara, terraza, bi gela nagusi, bederatzi gela, bi hall eta komunak "jendartearen zerbitzurako" jarri nahi dute eta gaurtik aurrera hasiko dira eraikina txukuntzeko lanak.

Okupazioaren aurretik gaur Sopelako Gazte Asanbladak hainbat ekitaldi burutu ditu Sopelako Plaza Beltzean, besteak beste, umeei zuzendutako tailerra non okupazioaren aldeko murala egin den; bertso-bazkaria eta 100 pertsonako kalejira herrian zehar.

Ez da lehenengo gaztetxea

Sopelako Gazte Asanblada ez da gaur sortu den kolektibo bat, antzinako urteetatik dator eta bi gaztetxe izan ditu egoitza gisa denboran zehar: eskola gorriak (2002ko martxoan okupatu eta urte bereko maiatzean udaletxearen aginduz txikitu zutena) eta lehenago eskola zaharretakoa.

Azken urtean SGA ez zen batu, baina Iruñeako Euskal Jai gaztetxearen desalojoaren ostean, Sopelako hainbat gaztek desalojoari buruzko bideo-foruma antolatu zuten eta bertan, Uribe Kostako eta bereziki Sopelako gazteei buruzko eztabaida egin zuten eta "autokudeatutako alternatiba" bat behar zela ikusi zuten eta SGA berrantolatzeko hitzordua jarri zuten.

Gazte Planaren emaitzak

Bestalde, orain dela hiru hilabetetatik hona Gazte Plana eztabaidatzen hasi zen Sopelako Udaletxean, SGAk esandakoaren arabera, eta hasieran politikoek gazteei parte hartzeko aukera eman zieten, "baina laster ikusi zen eztabaidatik at uzten zutela gune autogestionatuen aukera, politikoen menpean izango ziren guneak baino ez zituztelako onartzen aurretik diseinatutako zegoen plangintza" baten bidez.

Horrela, orain dela hilabete bat batzen hasi zen Sopelako eta Urdulizko gazteria, bi lehentasunak finkatzen: espazio autogestionatua (gaztetxea) eta etxebizitza. Espazio autokudeatutakoen eta okupazioaren aldeko sinadura bilketa egin du eta egiten ari da SGA eta momentuz dozenaka elkarte dira okupazioari bere babesa eskaini diotenak. Asko izan dira ere norbanakoek emandako sinadurak. Gaurko ekintzaren bidez, SGAk jarritako lehenengo helburuari, espazio autogestionatuari, alegia, bide ematen dio.

Balorazioak

Sopelako Gazte Asanbladak "oso-oso pozik" agertu da Sopela eta Urdulizko gazteek emandako erantzunarekin eta baita ere eskualdetik emandako laguntzarekin.

Horregatik, "oztopoak oztopo" gaztetxea txukuntzen eta bere etorkizuna eztabaidatzen eta diseinatzen lanean ari da dagoeneko SGA, eta Sopela eta Urdulizko auzokide guztiei gonbidatzen die bertatik pasatu eta ikusteko zein laguntzeko, proposamenak egiteko zein duten edozein galdera egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun