Duela urte batzuk, Karmelo Landak gogoratu zigun komunikabide batek bere espazioa sortu eta garatu behar duela. Ez dakit gure lelo horretan agertzen den "Euskal Herritik mundura" ez ote den espazio zabalegia hartzeko nahia. Informazioaren globalizazioa ekiditeko modu bakarra omen da lokalki informatzea, gertaeratik ahalik eta gertuen. Nahikoa du ordea, gaur egungo kazetaritzak, gaurkotasunaren itsas zabalean itotzen ez bada. Gure txalupak bi gidari izan ditu: Ipar haizea izan den euskal hizkuntza eta lemazain jardun den alternatibo kutsuak.
Askok uste izan dute, informazio alternatiboa "seriotasunik gabeko kazetaritzan" oinarritzen dela. Iritzi horren kontra garatu dugu gure lana, kazetariek eginiko euskal komunikabide bakanetarikoa sortuz. Ez dezagun ahaztu Indymedia edo Gaztesarea bezalako proiektuak, biak gurea baino beranduago sortuak, oso bestelako helburuak dituztela, guztiak ere zilegi eta beharrezkoak direla badiogu ere. Subjektibotasun zintzoaren bidea hartu nahi izan dugu, objektibotasunaren ideia aspaldi kale egin zuelako. Gure arrakasta edo porrota beste batzuek ondorioztatu behar izango dute.
Norabide zuzenean
Ez da erraza inork ezagutzen ez duen komunikabide bat ezerezetik sortzea eta sare-artearen bidez, euskal hiztun eta internauta diren guztiengana heltzea, batez ere publizitaterako baliabiderik ez dagoenean. Baina gogoak ez du inoiz salneurririk izan, ezta bozgorailuen bidez zabaldu beharrik. Irakurle zaren edo izan zaren horri eskertu behar dizuegu noizbehinka webgune honetara hurbildu izanagatik. Gure hizkuntzak, gure euskal komunikabideek eraso gogorrak pairatu dituzte Mediaberrik bizi izan dituen urte hauetan ere. Euskal gizarteak erantzun egin die erasoei, eta gure aldetik proiektu hau sendotzeko balio izan dutela ziurtatu dezakegu.
Gu geuk pairatu genuen zentsura, 2003ko urrian, EHUko errektore izandako Monteroren eskutik, eta horrek norabide zuzenean genbiltzala erakutsi zigun. Euskal Herri osotik jaso genituen elkartasun mezuak orduan, baita Hego Ameriketatik ere. Aurrerantzean gainera, Bilboko Gizarte Ikerkuntzarako Talde Eragilearekin (GITE-IPES) elkarlanean aro berriari ekin genion.
Mediaberriren benetako hastapenak Afganistango gudan kokatzen dira, EHUko irakasle Josu Amezagari AEBek burututako erasoen inguruan hedabideen azterketa egitea otu zitzaionean. Esan ohi da gerretan egia dela aurreneko biktima eta azken urte hauetan kazetariak ere izan dira biktimak, askotan lehenengo biktima hori salbatu nahian. Gurean ez dugu gerra korrespontsalik, baina orain arte eginiko lanari eusteko konpromisoari helduko diogula adierazi dezakegu.
Webgune hau gauzatzea eta dagoeneko 3 urte betetzea posible egin duten guztiei, irakurle diren eta izan direnei, eskerrik beroenak. Agur berezia, nire koordinadore lan honetatik, erredaktore zein kolaboratzaile izandako guztiei.