EHNA eta EHAKren kamisetei jarritako debekuak dira gaurko gertaera bakarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 17a, 21:05

Uribe Kostako 197 hautes-mahaietan lasaitasuna nagusi izaten ari da gaurko egunean. Baina, dena-den izan dira hainbat gertaera orain arte. Udalbiltza eta Bai Euskal Herriari ekimenak lehenengo datuak eskaini ez badituzte ere, hainbat hiritarri ENA edo EHNArekin bozkatzea debekatu zaiola salatu dute EHAKren ahaldunek, izan ere horren inguruko kexak biltzen ari dira ahaldun komunistak. Beste gertaera EHAKren inguruan ere izan da. Ertzaintzaren informazioaren arabera, lehenengo orduan alderdi horretako elastikoak janzten zituzten lagun batzuk kanporatu dituzte Santurtziko bi hauteslekutatik. Uribe Kostan ere, Urduliz eta Algortan, EHAKren ahaldunak elastikoak estaltzen behartu dituzte ertzainek, UKDigitalaren arabera. UKBERRIk, berriz, jakin ahal izan du Erandion, Leioan eta Areetan ez dela arazorik izan, eta Itzubaltzeta / Erromon EAEko Hautes Batzordeari kontsultak egin ostean EHAKren kideei beren kamisetak erabiltzen utzi dietela Hautes Batzordeko ordezkariek. Nabarmentzekoa da herri bakoitzean elastikoak ezberdinak direla. Bestalde, Carlos Iturgaitz eurodiputatuak Areetan bozkatu du goizeko 11:00etan komunikabide ugariren aurrean, baina ez da aurreko hauteskunde batzuetan bezala istilurik sortu. (Argazkian, EHAKren ahaldun batzuk beren kamisetekin Areetan).

Goizeko 9:00etan Santurtziko gertaeraren berri izatean, Bilboko eskualdeko Hautes Batzordeak akta bat kaleratu du, non "'Aukera Guztiak' eta 'EHAK' idatzita daukaten kamisetak jantzirik dutela" hautesguneetan hainbat pertsonaren presentzia Udal batzuek salatu dutela esaten den. Aktan, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundearen Legearen 95. artikulua gogorarazten du, alderdietako ahaldun zein ikuskatzaileei 10 centimetroko txartelak baino handiagoak eramatea debekatzen diena. Horretan oinarrituz, Hautes Batzordeak "edozein joera politikoko propaganda hautesguneetan eramaten duen edozein pertsonari bere jarrera bertan behera uzteko gonbidatzeko eta, behar izanez gero, eraikinetik desalojatzeko jakinarazten die segurtasun indarrei".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun