Hizkuntzen gainera, komunikazioen botere guneetatik bada indarrez bueltaka dabilen ideia: despolitizatu beharra dago hizkuntzen arteko gatazka. Geurean, ezkerretik eta euskararen defentsatik ari ei dela, bada hizkuntzari gatazka karga kendu behar zaiola esaten duenik ere. Arazoa ostantzean, hizkuntza bi edo gehiago topo egiten duten lurraldean, bat zapaltzailea gertatzen dela beti, eta zapalkuntza hori asmo politikoekin soka-motzean lotuta datorrela.
Luza dezagun begirada apur batean
Bolivia. 29 hizkuntza bizi. Denak bertokoak bat izan ezik, 3 miloi eta erdi hiztun dituen eta genozidioari esker nagusi bihurtutako gaztelera. Jatorriko herri hizkuntza nagusienak, ketxua eta aimara dira. 2 miloina inguruko hiztunekin. Han ere txakurrak ortozik dabiltzanez, ofizialak izan arren hizkuntza eskubideak zanpaturik. Hizkuntza arrazismoa puri purian. Inolako eskubide praktikorik ez, eskolan, osasungintzan, justizia sisteman.... Ketxua eta aimararen berdintasuna eta hizkuntza eskubideen aldeko mezu eta praktika bakarra indigena beraiena da, neoliberalismoaren aurka, ur pribatizazioaren aurka, TALCAren aurka edo gasaren nazionalizazioaren alde borrokaren aitzindari dabiltzan erakunde indigenena. Borroka diodanean, egun batean bai eta bestean ere, errepide mozketez, ibilaldi erraldoiez, gose grebez, euren zerbitzutara eta beraiek sortutako instituzioei babesez eta militarrek eragindako hildakoez ari naiz. MAS kokalero indigenen alderdi eta Felipe Quisperen mugimenduez ari naiz.
Ekuador.12 hizkuntza bizi. Gaztelaniaren aldeko ordezkatze prozesua oso aurreratua dagoen arren, miloi eta erdi hiztun ketxuar bada oraindik. Indigenen aniztasuna bere baitan koordinatu eta globalizazio neoliberalari aurre egiteko borrokan ittaurreko dabilena CONAIE erakundea da Jatorriko hizkuntzen berdintasuna eskatzen duen bakarrenetakoa, Unibertsitate Indigenaren sostengatzaile nagusia. Ba ote dakizu hau irakurtzen ari zaren unean, Ekuadorren altxamendu gotorra dagoela lehendakaria joan dadin aldarrikatuz?. Ba ote dakizu ehundaka direla zauritutakoak, atxilotutakoak?. Hildakoak jada?. CONAIE gidari.
Nepal. 8 hizkuntza bizi gutxienez. Batez ere bertoko nekazariez sortutako gerrila maoista batetik. Bestetik, hilabete dela Parlamentua desegin, parlamentariak kartzelaratu eta ejertzitoa estu hartuta diktadura ezarri duen errege bat. Newar herria bere hizkuntza eta kultura eskubideen alde ari da ere...
Newar herriaz gehiago jakin nahi?. Zuk merketxu daukazu interneta. Aurre egiozu hiru M-ei, eta informatu zaitez. Hizkuntzak gatazka politikoen erdi-erdian daude. Azago eta parajean.