Getxoko Jazzaldiak omenaldia egingo dio larunbatean Pio Lindegaardi, Joachim Kühn Poison Trioren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 20a, 22:28

Getxoko Jazzaldiak Pío Lindergaard bere laguntzaile nagusienetariko bat izan zenari omenaldia eskainiko dio larunbat honetan. Haren omenez Joachim Kühn Poison Triok kontzertua emango du Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak 8,50 euroko prezioa du (6,50 jubilatuentzat edo Gazte Txartela aurkeztuz). Joachim Kühn (Leipzig, 1944) Europako jazzaren abangoardiaren musikaririk garrantzitsuenetakoa da, eta Poison Trio taldean jazzaren aukera berritzaileak gehien eta hobeen ikertu zituen formatura itzuli da. Heziketa klasikoko piano-jolea izanik, beti jakin izan du bere musika heziketan eskuratutako trebetasunaz baliatzen, adierazpide berriak bilatzearren.

1980ko hamarkadan Parisera bizitzera joan zen eta bere karrerako jarduerarik garrantzitsuenetako bat hasi zuen bertan Daniel Humair eta Jean-François Jenny-Clark musikariekin batera. 1990eko hamarkadan, Special Quartet taldeko buru izan zen Joe Lovano, Adam Nussbaum eta J.F.Jenny Clark musikariekin batera; eta, gainera, Michel Portal, Dave Liebman eta Ornette Coleman bezalako musikariekin ere lan egin zuen.

Azken urteotan, bere borondatez, lan-erritmoa murriztu du, bere bokazioaz gehiago gozatzea ahalbidetzen dion lasaitasuna bilatzeko asmoz. Eivissan bizi da, eta musikako hainbat proiektu aurrera daramatza Michel Portal, David Murray edo Dominique Pifarèly bezalako musikariekin batera. Poison Trio hau, Wolfgang Reisinger bateria-jolearekin eta Jean Paul Celea baxu-jolearekin batera, hauetako interesgarrienetako bat da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun