Orotariko Euskal Hiztegia amaiturik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 6a, 13:17

Euskaltzaindiak amaitu du Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), azken liburukia kaleraturik. Guztira, hiztegiak 125.987 sarrera eskaintzen ditu, 16 liburukitan banatutako 14.028 orrialdetan. Hiztegiaren lanak 1970eko hamarkadan hasi zituen Koldo Mitxelenak (argazkian), Ibon Sarasolaren laguntzaz. Hiztegiaren hitz edo sarrera bakoitzak eskaintzen ditu: sarrerako hitzaren esanahia, batzuetan gazteleraz, besteetan frantsesez, gehienetan bietan; aurreko hiztegigileek hitzari buruz idatzitakoaren bilduma; eta literatur tradizioak emandako adibide gehienetan ugariak, adibide bakoitzaren argitalpen urtea ere adierazita. OEH ez da, beraz, hiztegi arauemaile edo normatiboa, deskriptiboa baizik.

Koldo Mitxelenak honela utzi zuen idatzita OEHren lehen liburukiaren atariko hitzetan, hiztegiaren xedeaz: "Zer esan, eta neurri zabal batean zer esaten den, azaldu nahi litzateke, bada, hemen, eta ez zer esan behar litzatekeen. Irakurleari eman nahi zaizkio aukera egiteko behar lituzkeen lanabesak, hautaketan hasi behar badu".

Hiztegia egiteko asmoa

Lehen liburukiaren hitzaurre horretan bertan azaldu zuen garai hartako euskaltzainburu Luis Villasantek nola sortu zuen Euskaltzaindiak OEH egiteko asmoa. Resurreccion Maria Azkueren hiztegiaren lehen argitaraldia agortua zelarik, Euskaltzaindiak eskatu zion Koldo Mitxelenari bigarren argitalpen hobetu eta emendatua presta zezala. Lan horretan murgildurik, arian-arian ohartu zen errenteriar maisua lanaren hedadurak eta informazio ugariak beste era bateko hiztegia eskatzen zutela.

Mitxelenak 1979an Ibon Sarasolari deitu zion, bildutako material guztia (paperean, artean ordenagailua erabiltzea ezina baitzen) nola antolatu eta liburu batean argitaratzeko bidea azter zezan. Berehala ohartu ziren, ordea, hura erraldoi lana zela.
Lan taldea antolatu

Euskaltzaindiaren estuasunari irtenbidea ematen lagundu zuenetako bat Mikel Zalbide izan zen, eta harreman ugariren ondorioz, 1984an OEHren lanak gauzatzeko hitzarmena izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, alde batetik, eta Euskaltzaindiak, bestetik.

Hiztegiaren edukia

Hiztegiaren abiapuntua eta oinarria literatur tradizioa da: Bernat Etxeparerengandik 1970era bitarteko euskal literaturako 300 bat obra, euskalki eta genero guztietakoak. 5.800.000 testu hitz, 310 obra, 125.987 sarrera, 14.028 orrialde. Eta hori guztia biltzeko, 16 liburuki.

Euskaltzaindiak burutu duen hiztegi langintza handi horri segida bilatu nahi dio, euskarri digitalak eskaintzen dituen ahalak erabiliz. Itzultzaileon ikuspegitik, egindako lana eskertzeaz gain, eskakizun argi bat egin genezake: OEH sarean behar dugu kontsultagai.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
http://www.eizie.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun