Orain pare bat asteburu egindako martxaren ostean, pozik azaldu ziren Lutxana Existe auzo-elkarteko kideek, horrek izandako parte hartzearekin. "Auzoa esnatzea lortu dute", adierazi zuten orduan. Izan ere, hogei urtetan auzotarrek egin duten lehenengo manifestazioa izan zen apirilaren 9koa eta "Erandio Lutxana al da?" leloa aukeratu zuten antolatzaileek. Lutxanak bizi duen utzikeriaz gain, "udal agintariekin euren erreibindikazioak azaltzeko bilerak eduki arren", arazoei konponbiderik jartzen ez dietela salatu zuten. Gaur egun, 360 lagun inguru dauzka auzoak.
Arazo ugari
Besteak beste, Pinturas Internacional lantegia zenekoan hondakin toxikoak pilatzen direla, Enekuri eta Lutxana arteko hondakintegiak ez dituela osasun eta segurtasun neurriak betetzen, oinezkoek bizia arriskuan jarri behar dutela Erandio Bekoarantz zein Bilborantz joateko, espaloirik ere ez daukatela eta daudenak egoera tamalgarrian daudela, Asua itsasadarraren inguruko enpresek isurketa toxikoak egiten dituztela, hormigoizko hormez inguratutako bizpahiru orubeetan era guztietako animaliak batzen direla, ibilgailuetan lapurretak ugaritu egin direla, errepideetan abiadura moteltzeko seinalerik ere ez dagoela eta beste hainbat arazo aipatzen dituzte Lutxana Existe auzo-elkarteko kideek.