Asteazkeneko 23:00ak aldera izandako lur-jausiaren ondorioz, etxetik kanpo eman dute gaua Arkotxa kaleko 27. atariko zortzi familiek. Bertan, babes ofizialeko 36 etxebizitza eraikitzen ari da Eusko Jaurlaritza eta beste 14
Getxoko Udala. Hain zuzen ere, azken horiek egiteko obren alboan izan da ezbeharra. Dena den, "arduragabekeriarik ez" dela egon eta luizia "azken egunetako euriteek" eragin dutela adierazi du Andres Uriarte Hirigintza zinegotziak. Iñaki Zarraoa alkateak, bere aldetik, bizilagunek euren etxebizitzak "uztera behartuak izan ez" direla argitu nahi izan du. "Gertaeraren ostean bertan teknikariek egindako txostenaren arabera, eraikinaren egiturak ez du inolako kalterik, ez dago arriskurik beraz. Baina, bizilagunen ezinegona ikusita, gaua hotelean igarotzea eskaini genien", azaldu du udal agintariak. Gauzak horrela, zortzi familietatik bostek (11 lagun) Igeretxen hartu dute ostatu eta gainontzekoek senideen etxean. "Prebentzio neurri bezala, eta batez ere auzokideen lasaitasunerako", gaur ere etxetik kanpo igaroko dute gaua, bihar egoera berriro aztertu bitartean.