Hamalau saltokik parte hartuko dute iluntzean Erandioko Pasarelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 22a, 11:47

Urtero bezala, pasarelaren zortzigarren edizioa antolatu du ostiral honetarako Erandioko Dendari Taldeak. Udalerriko saltokien "erakusleiho" izateaz gain, bertan "punta-puntako merkataritza" badagoela azaleratu nahi du ekimenak. "Erandion teknologia berrietara egokitu eta bezeroei banan-banakako arreta ematen dieten dendak daudela ezagutzera eman nahi diogu jendeari; baina ez bakarrik auzotarrei; baita inguruko udalerrietako biztanleei ere. Izan ere, garraio aldetik lotura egokiak dauzka herriak", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Koldo Garcia merkatal-elkarteko presidenteak (argazkian, ezkerrean). Altzaga Udal Kiroldegian 20:30etik aurrera egingo den ekitaldian 14 saltoki erandioztarrek erakutsiko dituzte euren produktuak. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila eta Erandioko Udalaren babesa, eta Bilbao Bizkaia Kutxa eta Euskograf-en laguntza jaso du ekimenak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengoa ez da "desfile soila" izango, "bene-benetako pasarela" baizik. Aurrekoetan bezala, modelo lanak egingo dituzte Lutxana Arraun Elkarteko kirolariek. Eurak izango dira Erandioko saltokien arropa eta osagarriak soinean eramango dituztenak. Horretaz gain, moda desfile batean ohikoak ez diren sukalde-altzariak eta burdindegi-gaiak ere egongo dira ikusgai. Erakusketan horiei bidea emateko, sketch ezberdinak interpretatuko dituzte Erandiokoa ere den Bonbolinak antzerki taldeko kideek. Aurkezpen lanetan, berriz, Tele 7ko Joseba Larrinaga arituko da. Azkenik, aipatzekoa da aurten herrian bertan egoitza daukaten bi diseinatzaile talde gonbidatu dituztela: Jota Mas Ge eta Pan con Chocolate alegia. Euskal Moda erakundeko kide dira biak.

Erandioko ekonomiari bultzada

Erandioko Pasarela sustatzeko "erabaki garbia" hartu dute Udaletik, Izaskun Trabudua Kontsumo eta Merkataritza arduradunak (argazkian, eskuinean) adierazi duenez, "bertoko merkatari txikiei bultzada ematea udalerriko ekonomia suspertzeko bidea delako". Azkenik, gaurko ekitaldian moda desfile batean ohikoak ez diren gaiak egotea (sukalde-altzariak eta burdindegi-gaiak) Erandioko merkataritzaren "dinamismoaren" adierazle dela aipatu du Mikel Arieta-Araunabeña alkateak (argazkian, erdian). Halaber, aurten, Astrabuduako Dendari Elkartekoek ere ekimenean parte hartzen ari direla gogoratu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun