Arkotxako lur-jausiari buruzko Ikerketa Batzordea eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 22a, 22:23

Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, joan den asteazken gauean lur-jausia gertatu zen Arkotxa kalean izan dira goizean Getxoko PPko ordezkariak, "kaltetutako inguruaren eta auzotarren egoera ezagutzeko". Bisitaren ostean, "etxebizitza batzuetan dagoen arriskuagatik ikaratuta" azaldu da Marisa Arrue popularren bozeramailea. Horien egoera "oso larritzat" jo eta, hurrengo udalbatzan, Ikerketa Batzordea osatzea eskatuko duela jakinarazi du. Ildo horretan, Udal Gobernu Batzordearen jarreraren aurrean "kexka" agertu du Arruek, aipatu berri agentziak adierazten duenez. Hirigintza Batzordea biltzeari Andres Uriarteren ezezkoa jaso eta gero, "krisialdi larri honen inguruan, Iñaki Zarraoaren gobernuak zeozer ezkutatu nahi duela pentsatzera ematen du jokabide desegoki horrek", zinegotzi popularraren hitzetan.

Arruek adierazitakoaren arabera, "izututa eta oso kezkatuta daudela" azaldu diete Getxoko PPko ordezkariei auzotarrek. "Hoteletan ostatua eman dieten arren, arazoa konpontzeko zenbat denbora igaroko den jakin nahi dute. Izan ere, bizpahiru egun izango zirela esan zieten, baina badirudi askoz gehiago luzatuko dela", gaineratu du zinegotzi popularrak, "horren larria den arazoa konpontzeko denbora nahikoa ez delako". Kalteak aztertzen aritu den enpresa babes ofizialeko etxebizitzen eraikitzaileek beraiek kontratatu izana ere kritikatu du Arruek, bere ustez, "lur-jausiaren gainean 30 familia bizi direla jakinda" Udalak berak egin behar zuelako.

Gaiaren inguruko berriak:

Arkotxan gertatutakoaren kontura, hedabideetan agertu nahi izatea egotzi diote Arrueri

Gutxienez astelehenera arte emango diete ostatu Arkotxako bizilagunei

Lur-jausiaren ondorioz, etxetik kanpo daude zortzi familia (2005 Api 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun