Aiala Etxegarai Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeko eledunak UKBERRIri azaldutakoaren arabera, IAk "oso balorazio ona" egin du atzoko "ikasleen zaplaztekoa" protestaldiaz. Eta eguna "arrakastatsutzat" jotzeko irizpideen artean errealitatea agerian gelditu izana aipatu du.
Mobilizazioak
Ikasleek greba bozkatuta eta onartuta zuten atzoko lau ikastetxetan: Ander Deuna, Barandiaran, Betiko eta Romo-Artatza. Bostgarren batean, aldiz, grebari baietza atera arren zuzendaritzak eskatutako bi hereneko quoruma ez zen eskuratu. Hori zen Getxoko Aixerrotaren kasua.
Romo-Artatza institutuan goizeko 10:30ean ekin zioten lan uzteari eta ordu horretan sei "solidario"k kokatu ziren ikastetxeko eskaileretan ikasleak mobilizazioetan parte hartzen animatuz. 11:15etan, berriro ere "performance"ren saio berria antolatu zuten ikasleek. Ondoren, manifestazioan ttipi-ttapa hasi ziren ikasleak Algortarantz.
Barandiaran institutuan kontzentrazioa egin zuten bertako gazteek, ondoren manifestazioa hasteko. Betiko ikastolan, berriz, ikasleek manifestazio-bizikletadari ekin zioten. Bere aldetik, Ander Deuna ikastolan burrunbada egin zen zentruan eta, ondoren, Algortarantz abiatu ziren ikasleak.
Aixerrota institutuan, nahiz eta greba deialdia zuzendaritzak onartu ez, ikasleek kontzentrazioa burutu zuten, eta ondoren manifestazioan jeitsi ziren Algortara.
Algortako "Txiki ta Otaegi plazan" (San Nikolas) batu ziren bi zutabe: alde batetik, Barandiaran, Betiko eta Romo-Artatzarena eta, beste aldetik, Ander Deuna eta Aixerrotarena. Algortari bira eman ostean ekitaldi politikoa burutu zuten ehun bat ikaslek. Ekitaldi "positiboa eta motibagarria izateko, orain arte lortutakoak" nabarmendu zituzten eskualdeko IAko kideek. Ondoren, ikastegietako ikasleek aipatu zituzten oraindik dituzten arazoak. Bukatzeko, eta solidarioen agerpenaren ondotik, kale-antzerkia burutu zuten non zuzendaria eta ikasleen sokatira lehia ikus zitekeen. Zelan ez, ikasleek irabazi zuten zuzendariari zaplaztekoak ematen zizkioten bitartean. Azken hitza bertsolariek jarri zuten.
Aipu bitxiak
Kale antzerkian agertutako ironiazko txaloen beldur omen zen atzo irakasleren batek baino gehiago, Etxegaraik esandakoaren aburuz. Horrela, Aixerrotan, adibide bitxiak eta "kezkatzekoak" bildu dituzte IAkoek: "irakasle batek esan zuen baja eskatuko zuela 21ean, beldur zela" aipatuz, edota beste batek "ikasle bati hurbildu zitzaion 'tira, emaidazu orain zaplazteko bat' botaz". Baina horiek baino gehiago bestelako aipuak kritikatu dituzte IAko kideek. Izan ere, Aixerrotako irakasle batzuen jarrera sexista eta frankistak nabarmendu dituzte: "ohikoak dira 'emakumeak sukaldean egon behar dira', 'Francoren garaian hobeto geunden ikasleek ez baitzuten protestatzen' edota 'Cara al sol oso kanta polita da' bezalako esaldiak bertan entzutea". Anekdotatik haratago, Barandiaran eta Aixerrotan "greba egiteko eskubidea aurrera eramateko arazo larriak" daudela ziurtatu du IAk.
Orain, indarrak hurrengo urtean jardungo duten taldeak antolatzen inbertituko dituzte IAkoek. Plangintzaren arabera, Plentzian eta Erandion talde berriak sortzea, Sakonetan taldea indartzea eta beste ikastetxeetako taldeak mantentzea aurreikusten du IAk.
Leioako campusa
Goizeko 10:00etan Leioako fakultate eta unibertsitate eskola guztietan lan uzteak egin zituzten eta ordu horretatik 12:30ak arte hainbat ekitaldi burutu zuten. Zientzia eta Teknologiako 80 ikaslek Fakultatea prezintatu zuten eta dekanotza okupatzen saiatu ziren, ikasgai guztiak euskaraz jar dezaten, Mediaberrik argitaratu duenez. Medikuntzan, berriz, 250 ikasle inguru bildu ziren bertan egindako kale antzerkian, IAk jakinarazitakoaren arabera.
Goizeko 12:30etan fakultate eta eskola bakoitzetik irtendako ikasle zutabeak kafetegi nagusian batzen hasi ziren eta 13:00etan, guztiak batuta, manifestazio-burrunbadari ekin zioten gazteek "gure eskubideen alde, ikasleek zaplaztekoa" leloko pankartaren atzean. Fakultatez fakultate ibili zen manifestazioa, gune bakoitzean bertsoak botaz. Urteotan ez bezala Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ere sartzea izan zuen manifestazioa, zinpeko guardiek oztopatu ez zutela. Manifestazioa kafetegi txikian bukatu zen ekitaldia eta 200 kideen herri-bazkariarekin.
Gaiaren inguruko berriak:
Dagozkien eskubideen alde milaka euskal ikasle kalera atera dira (Mediaberri)
Argazki galeria (IA)