Gazte Auzolandegietan parte hartzeko 400 lagunentzako tokia egongo da aurten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 25a, 21:13

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituen Gazte Auzolandegietan izena emateko epea bihar ireki eta maiatzaren 30en itxiko dute. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hamar Auzolandegi egongo dira, hiru lurralde historikoetan banatuta. Orotara, 400 plaza eskainiko dituzte Auzolandegi horietan; 18 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da, baina, hala ere, bi auzolandegi antolatu dituzte 15 eta 17 urte bitarteko gazteetzat. Horiez gain, 500 plaza eskainiko dituzte Euskaditik at, AEB, Alemania, Armenia, Belgika, Bielorrusia, Danimarka, Eslovakia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Italia, Herbehereak, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Serbia, Maroko, Kanada, Mexiko, Korea, Japonia eta Turkia ezagutzeko aukera eduki dezakete gazteek.

Leku desberdinetako gazteak elkarlanean jarduteko lekuak dira Auzolandegiak. Borondatez eta doan gizartearekin zerikusia duten proiektuak aurrera ateratzen dituzte gazteak, euren arteko elkarbizitza sustatuz, bide batez. Inskripzioa egiteko, www.gazteaukera.euskadi.net atarian sartu, gustoko Auzolandegia aukeratu, inskripzioa egin eta 72 euroko kuota ordaindu behar da. Edozein zalantza argitzeko 012 telefono zenbakira hots egin behar da. Izena emateko epea itxi ondoren plaza librerik geratzekotan, ekainaren 8tik uztailaren 31ra eskainiko dituzte.

Afrika algortarra auzolandegietako irudi

Julian Iantzi "Basetxea Taberna" saioko aurkezlea eta Afrika abeslaria dira auzolandegietako irudi. Aurkezle lesakarrak jakitera eman duenez auzolandegietan parte hartu zuen bere garaian: "Oso esperienzia aberasgarria izan zen, denen onerako den zerbait egiten duzulako eta elkarbizitzaren esperientzia duzulako". "Gezurra dirudi hain denbora gutxian lagunak egin ditzakezula", gaineratu du.

Bestalde, www.gazteaukera.euskadi.net atarian antolatutako lehiaketaren irabazlea Urko Villar Ezeiza gipuzkoarra izan da. Saria, Londreserako bidaia da bi pertsonentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun