Bi kilometro eta erdiko oinezkoentzako pasealekua egingo dute Gorliz eta Plentziako hondartzen artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 26a, 15:45

Espainiako Ingurumen Ministerioak 7.101.368 euro inbertituko ditu Gorliz (argazkian, erietxea atzealdean eskuinera ikusten dela) eta Plentziako hondartzak egokitu eta berrantolatzeko, Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez. Zehazki, erietxe inguruko errepidea eta olatu-horma kenduko dituzte. Baita Astondoko hotel-establezimenduak ere. Bestalde, gaur egungo aparkalekuak bota eta horiei eusteko betegarria hustuko dute, azalera guzti hori hondartza bilakatu dadin berriro. Trafikoari dagokionez, baimena daukaten ibilgailuek baino ezin izango dute igaro Astondo ibiltokiko muturreraino. Izan ere, Plentziatik horra 2.488 metro luzeerako oinezkoentzako pasealekua egingo dute, komunetarako hiru eraikin eta bi sorostetxerekin batera.

Gaur egun, teknikarien onarpenaren zain dago proiektua. Zati batean bada ere, areatzen ezaugarri naturalak berreskuratzea da horren asmoa, "mende hasieratik hona hainbat eraikuntzek hartuta egon direlako; aparkalekuak, errepidea edota erietxea, hurrenez hurren". Gauzak horrela, egungo 61.475 metro koadro inguruko azalera handiagotuko dute hainbat egitura botaz, eta oinezkoentzat jarriko dituzte sarbide guztiak.

Gorlizko hondartza zabalagoa egiteko, ipar-muturrean, bataz beste, 35 metro atzera emango da gaur egun muga artifizialtzat egiten duen errepidea. Erietxeko horma ere atzera botako dute, etxaurretik 14 metrotara arte. Azkenik, erietxeko hego-mutur eta Plentziako hondartza arteko zatian, bataz beste 135 metro atzera emango da areatza, bertan dagoen horma, errepidea eta aparkalekuak kenduz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun