Alexaren datuekin zoratuta - Jabi Zabala / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia
Alexa bilatzaileak bere nabigazio barra erabiltzen duten internauten nabigazio ohituretatik emandako sailkapenean oinarrituta, orraztapen partikularra egiten du Cybereuskadik, web baskoen ranking-a egiten. Ondoren, batzuek eta besteek aprobetxatu dute nork bere webak sailkapen horretan duen tokia nabarmentzeko. Alexaren sailkapen honek, ordea, ez du inolako fidagarritasunik. Hori esateko, nik ongi ezagutzen ditudan datuetan oinarritzen naiz: editatzen ditudan zerbitzarien estatistikak.
Bataz beste, 200 bisitari (session) hartzen ditu egunero sarean.com domeinuak azkenaldion eta 683.000. tokian dago sailkapen horretan. Bestalde, kafeantzokia.com editatzen ditudan webguneetan bisitatuena da, egunero 600 bat bisitari sartzen baitira. Alexaren arabera, ordea, sarean-en baino askoz gutxiago sartzen dira eta sailkapenean 1.514.937. tokian dago. Ondorioz, Cybereuskadik ateratako rankinean 784. tokian ageri da.

Ondorioa argi eta garbi dago: sailkapen horrek ez du ezertarako ere balio, guztiz azientifikoa eta okerra baita hortik ezer ondorioztatzea. Horri norberak egiten duen liseriketa partikularra gehitzen badiogu (Cybereuskadik baskoak zeintzuk diren kalkulatzeko zer metodo erabili duen edo erabili.com-entzat Argia eta Berria euskara hutsezkoak ez izatea), benetako esperpentoa daukagu sailkapena baino. Uste nuen iaz nahiko argi geratu zela, baina.

Alexa ez du ia inork erabiltzen, are gutxiago gurean. Nahikoa izango litzateke, beraz, erabiltzaile gutxi batzuek barra instalatzea eta webgune bat sarritan bisitatzea berau sailkapenean igoarazteko. Nork bere webgunearen propaganda egiteko arrazoi merkea deritzot ranking horretako kokapena nabarmentzeari. Horretan jausi dira, elkarren arteko lehian, nire eskualdeko ukdigitala eta ukberri.net. Baina, zintzoki informatu nahi izanez gero, nire iritziz, estatistika horien balio oso erlatiboa nabarmendu beharko lukete informazio horietan.

Alexaren sailkapena ez litzateke onargarria izango inolako estatistika seriorik egiteko, gehiegizko errakuntza ematen duelako. Akaso gure webguneetan zenbat amerikar sartzen diren edo... Hori ere ez, zenbat alexaren barradun internauta sartzen diren eta kitto. Hortik Ibarretxek Patxi Lopezen gainean duen aldea ondorioztatzeari gehiegikeria deritzot.

Askoz ere interesgarriagoak izango lirateke benetako zentralitatea duen Googleren sailkapena ikustea (eta haren barrarenak ere, askoz jende gehiagok erabiltzen baitu).

BTW edo bide batez (autobomboa), sarean.com-ek web baskoen sailkapen horretan gora egin du, 654. tokitik 333.era, euskaldunetan 26. tokitik 10.era ;-)

Jabi Zabalak 2005eko apirilaren 25ean, 21:04ean, Sarean.com webgunean CC lizentzia honen pean argitaratua (argazkia ere Jabirena da)

Gaiaren inguruko berriak:

Sarean.com-en geroago argitaratutako iruzkinak

Herri prentsa euskaldunaren laugarren webgunerik bisitatuena da UKBERRI (2005 Api 20)