Beharrizanak zorroztu egiten du buru-argitasuna eta kaleko umeek berehala fabrikatu zituzten marimba ikaragarri handiak plastikozko hodiekin, edo olio-latak gozatu eta egur zaharrekin xilofonoak egin zituzten, eta "surdoak" (bonboak) bidoiekin, eta horrela etenik gabe. Jakina, entseguak ere euren berezko esparruan egiten zituzten, kalean, alegia. Taldeak arrakasta handia lortu zuen Jabaquarako (Brasil) Musika Jaialdian; bertan aurkezteko zuten gai bakarraren izena hartu zuten: "Moleque de Rua" (Kaleko Umea), eta amaieran publikoa eszenatokira igo zen material erreziklatuz egindako musika-tresnak jotzeko.
Irrati eta telebistara jauzia
1988an single bat produzitzea erabaki zuen Moleque de Ruak eta, horri esker, irrati eta telebistetara iritsi ziren. Urte bat geroago, Gilberto Gil, Caetano Veloso edo Hermeto Pascual telefoneatu zituzten. Orduan Marco Ferrari errealizadore frantsesaren dokumental batean esku hartu zuten, "Herodes", kaleko umeen fenomenoari dagokionez gobernu brasildarrak erakusten zuen pasibotasuna salatu zuena eta dokumental horren bidez Frantzian ezagunak izatea lortu zuten. Crammed Discs etxeak euren lehen diskoa, "Moleque de Rua",argitaratu zuen Europan, 1994an.
Duintasunaren musika
Ordutik egunera arte Moleque de Ruak 3 CD argitaratu ditu eta urtero egiten ditu birak Europatik, "hondartza eta caipirinha" saltzen duen Brasil ez den beste zerbait aurkeztuz, euren bizitzako esperientziaren ondorio logikoa den musikarekin: rap eta sambaren arteko zerbait, gizarte salaketa egiten duten letrekin eta egoera zailetan bizirauteko kantuekin. Duintasunaren alde borrokatzen duen Brasilen musika, alegia.