Inaugurazioan, De la Mazak ongi etorria eman dio Leioara heldu berria den enpresari eta Leioa hazten ari dela, "modan dago", azpimarratu du. Mallak bere aldetik, gogoratu du ALD Automotiverentzat egun seinalatua izan dela gaurkoa, Leioako irekieraz gain, Espainiako Estatuan 13. urteurrena eta Hego Euskal Herrian 6. urteurrena bete dituelako enpresak. Horretaz aparte, "Bilboko bulegoa txiki gelditu" zitzaienean Leioara etortzea zergatik otu zitzaien azaldu du: "hiri gaztea eta ondo komunikatua da, eta garrantzi handia eman genion metro ondoan egoteari. Gainera, industrialdeak konfidantza irudia ematen zuen".
Euskararen erabilpena
Bestalde, euskararen erabilpenerako "plangintza jakinik ez" badute ere, ALD Automotivek eta Second Drivek Aitorren hizkuntza, "gaztelaniarekin batera", kontuan izango dutela eta Leioan arituko diren bi langileetatik bat euskalduna dela jakinarazi dio UKBERRIri Juan Valderrama Bilboko bulegoko zuzendariak. Errotulazio guztia erdara hutsean zergatik dagoen galdetuta, "konturatu ere ez gara egin" erantzun du Valderramak eta "lanak egin dituen elektrikari"-ri leporatu dio horren erantzuna.
ALD Automotivek Leioan irekitako bulegoaren bidez bere kontratazio kopurua biderkatzea espero du, 2005ean 1.000 bat akordio sinatuko dituelakoan. 2004an, 500 autoen bidez 175 bezeroen beharrei zerbitzua eman zien ALD Automotivek.