Gaueko 12etatik aurrera helduko da Aiboa Casares Astrabuduara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 28a, 01:02

Aiboa Casares Segiko Astrabuduako kidea gaueko 24:00etatik aurrera espero dute Astrabuduan, goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Aretoak bera eta Haika eta Segiko beste 25 kide epaia erabaki bitartean kalean utziko zituztela jakinarazi ostean. Gauerdian, epaitegiko aretoan bertan algara eta oihuen artean ospatu dute gazteek epaileen erabakia. Hala ere, malkoak ere izan dira Aiora Epelde eta Harkaitz Rodriguez donostiarrak espetxean jarraituko baitute, beste auzi bat dela eta. Kalean, “Eusko Gudariak” abestiarekin amaiera eman diote epaiketari. Espetxean bere gauzak batu ostean, 20:30ean atera da Soto del Realgo espetxetik Aiboa Casares, Koska irratiak Madrilera beren-beregi bidalitako kazetariak UKBERRIri jakinarazi dionez.

Casares presondegitik irten eta gero, argien bidez, atzean utzitako lagunekin komunikatzeko aukera izan du, animoak elkartrukatuz. Bestalde, Guardia Zibilarekin arazoak izan dituzte astrabuduarraren senide eta lagunek, Benemeritakoek une horretan egindako argazkien karretea kendu eta espetxeko parkinetik alde egiteko agindua eman baitiete. Ondoren, eta auziperatuek Espainiako Auzitegi Nazionaletik irtetzean egindako hitzorduari jarraituz, Boceguillas herrira abiatu da Aiboa Casares senide eta lagunekin, kanpoan diren 18/01 sumarioko auziperatu guztiekin bertan batzeko.

Koska irratiko kazetariak Gaztelatik eskainitako informazioaren arabera, Alcala espetxeko Gizonezko atalean eta Soto del Realen preso zeuden gazteak libre daude dagoeneko, baina ez da hori Navalcarneron zeudenen kasua.

Bestalde, Astrabuduako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Aiboa Casares bi lekutan itxaroteko deia egin du: Iurretako peajea eta Astrabuduako herriko taberna. herrian egindako kalkuluen arabera, gaueko 24:00ak 1:00a bitartean helduko da Casares. Hala ere, Casaresen lagunek abisatu dute beranduago ere izan daitekeela Navalcarneroko kideak Bocegillasen itxarotekotan.

Azkenik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran argitaratu du honako balorazio azkarra: "inkulpatu guztiak libre uzteak absolbituko dituztela esan nahi dezake, baina oraindik goiz da beste baloraziorik jakin gabe ezer esateko".

Gaiaren inguruko berriak:

Aiboa Casares libre utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak epaia erabaki bitartean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun