Dozena bat gazteen aurrean, Fernandezek labur deskribatu zuen Koska irratiaren filosofia: euskararen aldekoa, kontrainformatiboa, ikuspuntu gaztea ematen duena, parte hartzailea eta edonorentzat irekia. Era berean, orain dagoen irratia dagoeneko bost urte bete eta sei laster egingo dituela gogoratu zuen. Ibilbide hori "oso zaila" izan dela aitortu zuen eta berez teknikoki irrati bat montatu baino ez dutela egin gaineratu zuen. Tartean izandako diru arazoak, lokala bilatzeko "etengabeko saiakerak", utzitako soinu-mahaia ekarri zituen gogora eta dialari, bereziki, arreta handia eskaini zion: 94.4, 89.9, 104.1 eta orain 108.0 FMko sinalean egon da Koska irratia behartutako aldaketen ondorioz "eta aldaketa bakoitzarekin propaganda egin behar zen, kristoren gastuarekin".
Horretaz aparte, pasa den udazkenera arte Koska irratia Uribe Kosta osoan entzutea ez dela posible izan aitortu zuen Urtzi Fernandez "Zelako kirol mozkorra" irratsaioko kide ohiak. Garai horretan, udan jarritako txosnetan ateratako dirua erabiliz, Zugaztietan antena berria jarri eta lokal berria alokatu zuten Amesti kalean, Algortako goikaldean. Lokala guztiz berritu behar izan zuten hiru gela eratzeko: informatika gela, grabaketa-aretoa, eta teknikarien aretoa. Era berean, irratia-esteka, telefono eta irratiaren hibridoa, RDSA kotxean mezuak jasotzekoa eta bestelako hobekuntza teknikoak sartu zituzten iaz.
Irratsaioak
Koskako irratsaioak hiru motatakoak dira. Alde batetik, edozein pertsonak edo kolektibok egindakoak daude. Haien artean, musika saioak (besteak beste, "Studio bat", "Munduko Sustraiak" edota "Asesino el Rock & Roll"), magazinak ("Kea Magazina" edo "The Kontubern"), edo kolektiboek egindakoak daude (Ez Jaun Ez Jabe talde anarkistaren "Kritika", Segiren "U.K. Astintzen", Itzubaltzeta gaztetxearen "Polborin airean" edo Resumen Latinoamericanoren izen bereko saioak bezalakoak).
Beste aldetik, irratiaren asanbladak erabakitako irratsaioak daude. Une honetan "Koskako Albiste Zerbitzua" baino ez dago, gaueko 22:00etan astelehenetik ostegunera, baina goizeko magazin euskaldun baten proiektua lantzen ari dira orain.
Azkenik, unean uneko irratsaioak daude, gertaera baten inguruan sortzen direnak: Sorgintzuloren kanporaketa, Martxoak 8, Korrika, Gazte Mugi, Txalaparta Eguna edo atzoko Haika eta Segiko kideen askatasuna.
Finantziazioa
Fernandezek azaldu zuenez, Koskan ia denetarik egin da irratiarentzako dirua eskuratzeko, tartean ohikoak diren kamisetak, txiskeroak, otzararako zozketak, CDak eta bestelakoen salmenta, txosnak eta kuotak, "batez ere kuotak". 10 euroko kuota jartzen ari dira hilero Koska irratia une honetan osatzen duten 35 kidek, "larregia kontuan hartzen badugu gehienak gazteak eta asko ikasle edo langabetuak garela". Fernandezek gogoratu zituen Fermin Muguruzak Portu Zaharrean emandako kontzertuaren inguruan egindako sarea irratiari propaganda egiteko eta dirua biltzeko, edota pasa den urteko Portu Zaharreko jaietako gau bukaezinak txosnan sartuta.
"Egin zaitezte koskakide"
Koskakidetza kanpainaren bitartez hiru helburu dituztela aipatu zuen Fernandezek: dirua batzea, irratiaren propaganda egitea (jende gehiagok jakin dezan hor dagoela, zer enkaintzen duen eta entzun dezan) eta pertsona eta kolektibo anitzek irratian parte hartzeko animatzea. Diru aldetik, 600 kide jarri dute helburu, benetan irratiak autonomia eduki ahal izateko, horregatik, animatu zuen Fernandezek, "egin zaitezte koskakide".
Bestalde, esku orrietan eta karteletan jendea astelehenero Algortako Villamonteko kultur etxean 19:00etan egiten dituzten bileretan parte hartzeko eta irratsaioak egiteko animatzen dute. Kanpaina biharko kontzertuarekin batera hasiko da, nahiz eta kartelak apur bat gehiago berandutuko diren. Kartel horietan eskualdeko 40 bat pertsona ezagun agertuko dira, dagoeneko koskakide egin direla jakinaraziz.
Harremanak Getxoko Udalarekin
Galderei erantzunez, Urtzi Fernandezek argi utzi zuen irratiaren harremanak Udalarekin gaur egun "txarrak" direla. Izan ere, bere hitzetan, "'Interviu'ko informazioa Udaletik atera zen", Koska ETAren "inguruarekin" lotzen zuen artikuluari aipua eginez. Gaur egun, harremanak txosnaren baimenera mugatu dira, Fernandezek deklaratu zuenaren arabera.