Urkulu mendirako txangoan izena ematea zabaldu du Leioa Mendi Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 29a, 00:08

Leioa Mendi Taldeak maiatzaren 15erako prestatu du Nafarroa Behereko Urkulu mendirako txangoa. Urkulu mendi ederra eta igoera gogorrekoa da Beherobia aldetik, horregatik akaso, Leioa Mendi Taldeak beste leku batetik, Orbaitzetako olatik abiatzea erabaki du, Ortzanzurietatik hasi eta Urkulura bitarte buelta galanta emanez. Urkuluko tontorra ezaguna da, erromatarrek bertan portuaren pasabidea zaindu omen behar zuen eraikin bat egin baitzuten. Gainera, tontorretik (1.419 metro) Orhi eta Anie mendiak eta Hiru Erregeen Mahaia ederki ikus daitezke. Interesatuek astelehen eta ostegunetan Sakonetako polikiroldegian edo 689 721 917 telefonora deituz eman dezakete izena.

Ordaindu beharrekoa honako hau da: heldu ez bazkideak, 11 euro; heldu bazkideak, 9 euro; adingabeko ez bazkideak, 5,50 euro; adingabeko bazkideak, 4,50 euro.

Bestalde, datorren maiatzaren 15ean, goizeko 7:30ean irtengo da autobusa Sakoneta polikiroldegitik, Lamiakoko geltokitik, Pinuetako Amaia kaleko 20. ataritik, Deustuko San Pedro plazatik eta Bilboko Zabalburu plazatik ere pasatuko dela. Bueltatzeko ordua 20:00etan finkatu du Leioa Mendi Taldeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun