Askatasunak azken ostiraleko elgarretaratzeetan parte hartzeko deialdia egin du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 29a, 00:56

Askatasunak bat egiten du Euskal Herri osoan hilabeteko azken ostiralerako deitutako mobilizazio guztiekin, eta euskal herritarrei dei egiten die, bihar ere, apirilak 29, bertan parte har dezaten. Askatasunak, euskal presoen estatus politikoa onartuz, euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko eta euskal preso politikoen kolektiboari ezarritako sakabanaketa eta isolamendu politikoarekin behingoz amaitzeko, guztion konpromezua behar beharrezkoa dela azpimarratu nahi du.

Sakabanaketa eta isolamenduarekin batera Frantzia eta Espainiako gobernu ezberdinek ezarritako neurri errepresiboak helburu bakarra dute euskal errepresaliatu politikoek suntsitzea. Eta nahiz eta sakabanaketa jarri zutenetik ezer ez lortu hor jarraitzen dute dispertsioa mantentzen, euskal preso politikoen aurka mendekuan oinarritutako neurri bereziak indarrean jartzen: Iñaki de Juana, Unai Parot... euskal preso politikoen isolamendu politikoa areagotzen; tortura eta errepresioa eguneroko gauza izanez; ehundaka lagun ihesaldiaren bidea hartzen behartuak izanez, ihesean 22 urte egon ondoren minbiziaz gaur hil den Gotzon Landeta kasuaren bezala; gazteen aurkako epaiketa –nahiz eta gehienak kaleratuak izan diren Estatuak auzi politiko honen bitartez gaztedi iraultzaile abertzalea kriminalizatu eta epaitu nahi izan du, nahiz eta gazteon duintasunak aurre egin dien eta beraien planak hankaz gora jarri dituen–...

Mobilizazioaren bidez eta borrokaren bidez lortuko dugu dispertsioarekin amaitzea eta euskal presoen herriratzea. Hilero-hilero bezala bihar ere milaka herritar elkartuko dira euskal preso politikoen estatus politikoa aldarrikatzeko eta Euskal Herriratzea exijitzeko. Bihar, gainera, 720 lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kartzelaz kartzela burutuko dituen ekimenen bitartez bat egingo du azken ostiraleko elkarretaratzeekin. Jasaten ari diren isolamendu politikoari estatus politikoaren aitortzarekin amaiera emateko exijituz.

Presoen borrokaldia

EPPKk aurreko martxoaren 26an hiru hilabeteko borrokaldi bati amaiera eman zion: urtarrileko planto orokorra, itxialdiak eta amaitu berri zuten gose grebaz borroka aldi bat bete zuten. Hiru hilabete hauetan bi gauza geratu dira agerian: soilik euren eskubide guzti-guztiak biltzen dituen estatus politikoa aplikatuz emango zaiola amaiera dispertsioari, bata; eta euskal preso politikoen egoera bideratu gabe, ez dela gatazkaren konponbide demokratikorik izango, bestea.

Horregatik borrokan jarraitzen dutela euren estatus politikoa aldarrikatuz eta azken ostiralean ere parte hartuko dutela ezagutzera eman zuten. Horrela Aberri Egunean Kolektiboak eginiko agirian esaten zuten bezala mantenduko dute euren eskubide guzti guztien aldeko borrokaren sugarra pizturik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun