Elkarrik maiatzean 2.000 boluntario behar ditu 10.000 testigantza biltzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 29a, 17:46

Maiatzean zehar, Elkarrik herritarren testigantza zuzenak bildu nahi ditu, kaleko jende arruntarenak, gure inguruan gurekin edonorren antzera bizi diren horienak. Xede honetan bost testigantza biltzeko konpromisoa hartuko duten 2.000 pertsonen laguntza behar dugu. Erantzun laburrak eta anitzak nahi ditugu, esaldi bakarrean hurrengo galdera ihardetsiko dutenak: Zergatik behar duzu zuk bakea? (edo, zergatik uste duzu beharrezkoak direla elkarrizketa eta giza eskubideekiko, pluralismoarekiko hala nola herritarren borondatearekiko errespetua?).

Zergatik

Apirilaren 17ko hauteskundeek politikaren aro berri bat zabaltzen dute eta honi ezin zaio bizkarrik eman. Aukera-garai honek atzera bueltarik izan ez dezan lagundu behar dugu gizartearen bake, elkarrizketa eta konponbide itxaropena eta eskakizuna modurik gardenenean islatuz. Elkarrik azken hamabi urte hauetan ehundaka argudio pilatu ditu, milaka eta milaka herritarren borondate metatu ditu (azkeneko sinadura bilketan, 122.513 izan ziren). Orain, indar objektibo eta arrazoizko honi gure gizartearen emozioen eta sentimenduen indarra erantsi nahi diogu. Pertsona anonimoen zuzeneko ahotsa entzutera eman nahi dugu, adierazi dezaten zergatik behar duten garai berri hau behin betikoa izatea eta bakeari eta konponbideei begira atzera bueltarik ez edukitzea.

Zertarako

Gure xedea testigantza hauekin guztiekin argitalpen zirraragarria kaleratzea da. Ekainean eta uztailean zehar, bide desberdinetatik testigantza hautatuak eman nahi ditugu ezagutzera. Irailean, liburu bat argitaratuko dugu testigantza guztiekin eta, urrian, alderdi politiko guztiei hala nola Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaie. Liburu honek, gainera, ondorio batzuk eta lau puntutako proposamen bat edukiko du: indarkeriarik eza, bazterketarik eza, konponbide negoziatua (elkarrizketa eta akordioa) eta/edo herri-kontsulta. Ekimen hau alderdi politikoetako ordezkariekin maila diskretuan 2004ko maiatzetik hona lanean diharduen Gogoetarako Mahai Aldeanitza izeneko elkarrizketa foroarekin osagarria izango da.

Nola

Kanpaina honetan laguntzera gonbidatu nahi zaitugu. Lagundu nahi baduzu maiatzean zehar "Zuk zergatik behar duzu bakea?" galderari bost erantzun lortzeko konpromisoa hartzea litzateke kontua, beti ere anitzak eta desberdinak diren pertsonek ihardetsitako erantzunak. Laguntzaile moduan zure izena eman nahi baduzu nahikoa duzu 902-421010 telefonora deitzearekin. Gure webgunean (www.elkarri.org) ere izena emateko aukera baduzu, hala nola mezu elektronikoa elkarri@elkarri.org helbidera idatziz edota eskutiz honekin eransten dugun izena emateko orritxoa bidaliz ere bai. Apirilaren bukaerarako testigantzak biltzeko beharrezkoak izango dituzun esku-orriak eta zure lana errazteko informazio zehatza helaraziko dizkizugu.

Hemen klikatu formularioa bete eta boluntario gisa izena emateko.

Esku-orria jaitsi dezakezu PDF formatoan hemen, eta bete ondoren korreoz bidali edo Elkarriren bulego batera ekarri .

Elkarri
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun