Sei urteko kartzela-zigorra jarri diote Orkatz Gallastegiri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko api. 29a, 23:23

Besteak beste, Eitb24.com eta Deia.com webguneek ezagutzera eman dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak 6 urteko kartzela-zigorra ezarri dio gaur Orkatz Gallastegiri "kalte terroristak" egitea leporatuta. Izan ere, auzitegiak frogatutzat jo du Berangoko gazteak, 2002ko martxoaren 15ean, La Caixaren kutxazain baten erreketan parte hartu zuela, Algortan. Epaiaren arabera, Gallastegiri zigorra ezartzeko ezinbestekoak izan dira Ertzaintzak emandako probak, arrasto genetikoak, alegia. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta senideek, ordea, etengabe salatu dute berangoztarraren aurkako epaiketa "beste iruzur bat baino ez" zela. Hasiera batean epaiketa otsailaren 15ean egitekoa zen, baina bost egun aurreratu egin zuten. Hala ere, otsailaren 10ean zazpi egunez atzeratu zuten akusazioaren lekuko zen ertzain bat eta, defentsaren aldetik, beste lekuko bat agertu ez zirelako.

Gaur kaleratutako epaian, Auzitegi horretako hirugarren aretoak dio epaituak "burua kamiseta gorri batekin estali, latexezko eskularruak jantzi, eta beste hainbat lagunekin batera, La Caixaren kutxazain batean lehergai bat jarri zuela", hedabideek jaso dutenez. Bost litro erregai zituen lehergaiak eta 17.199,21 euroko kalteak eragin zituen.

"Ertzaintzak latexezko eskularru batzuk, eta jertse nahiz kamiseta gorri batzuk jaso zituen gertakariaren leku berean eta azken horretan arrasto genetikoak aurkitu zituen. 2002ko urriaren 24an Ertzaintzak atxilotu egin zuen Orkatz Gallastegi eta komisarian zegoenean ikusi zuten kamiseta hartan aurkitutako arrastoak bereak zirela. Gazteak txistua bota zuen une batean lurrera, agente batek jaso egin zuen azterketa egiteko, eta bi arrasto genetikoek bat egiten zutela ikusi zuten", adierazten du epaiak.

Beste zigor batzuk

Gallastegiri aurretik ere 8 eta 9 urteko kartzela-zigorra jarri zioten, 2001eko azaroan autobus bat Berangon, eta 2002ko maiatzean Correosen bulego bat erretzea leporatuta, hurrenez hurren. Bestalde, Auzitegi Nazionalak beste sumario batean ere sartu zuen Gallastegi. Jose Maria Lidon epailearen hilketarako ETAri informazioa ematea egozten diote.

Gaiaren inguruko berriak:

Atzeratu egin da Orkatz Gallastegiren aurkako epaiketa (2005 Ots 10)

Otsailaren 10ean epaituko dute Orkatz Gallastegi (2005 Urt 27)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun