"Badira bi urte t'erdi etxean falta zaretela. Badira bi urte t'erdi, urriaren 24ko gau hartan, zipaioek gure ondotik eraman zintuztetela. Badira bi urte t'erdi, Arkaitz, Kepa, Urtzi, Orkatz, Endika eta Ekaitz, Arkauteko zulo ilun batean bortizki torturatuak izan zinetela. Badira bi urte t'erdi, 5 egun eta 5 gau luze eta gero, gehienak espetxeratuak izan zinetela. Orain, bi urte t'erdi hauen ondoren, hainbat sasi epaiketa eta muntai judizial-politiko eta gero, berriro ere gure artean zaituztegu", hitz horiek entzun eta gero, txalaparta doinuen eta San Nikolas plazan bildutako senide, lagun eta herritarren txalo zaparradaren artean igo ziren kioskora Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxaga.
Barruan eta ihesean daudenak
Apirilaren 14an behin-behineko askatasuna eman zieten bi gazte algortarrei ongi etorria egiteaz gain, "barruan gelditu diren eta ihesean dauden gizon emakume zoragarri horiek" gogora ekarri nahi izan zituzten. "Halako egun batean, ezin ditugu ahaztu, eta ziur zuek (Goikoetxea eta Saratxagari) inoiz baino gertuago dituzuela. Datozela gure auzotarrak diren Kitxu, Anjel, Oti, Marian, Txetxu, Patas, Muni, Gallaga, Aimar, Txapi, Endika, Jagoba, Manex eta iheslariak", adierazi zuen aurkezpen lanetan aritu zen neskak, euren senide presoen argazkiaren kartelak soinean hainbat lagun kioskoan gora egiten zuten bitartean. Udal liburutegiko balkoietatik behera ere guzti horien izenak irakur zitezkeen bertan zintzilikatutako pankartetan. Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), "inoiz bizi izan duen espetxe politikarik basatiena" pairatzen ari dela ohartarazi zuen hizlariak.
Aipatu zuenez, "egun, 700 preso politiko eta 2000 iheslari baino gehiago dauzkagu, eta, zoritxarrez, marka hau gaindituko dugula uste dugu. Biziarteko kartxela zigorra, bisiten murriztapena, isolamendua, dei eta gutunen murriztapena eta kasu askotan debekua, ikasteko eskubidearen ukapena, tratu txar eta jipoien ugalketa, preso gaixoen egoera larria... espetxe politika horren adibide batzuk besterik ez dira".
Senide eta lagunak
Gazteek ere harrera beroa egin zieten Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxagari. Besteak beste, Segi eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurrak, Arrano Beltza eta Nafarroako katedun bandera aldean zeramatzatela, ikurrinari egin zioten omenaldia; gazteetako batek hitza hartu eta, kaleratutako biei ongi etorria ematearekin batera, egun, "euskal gazteriaren aurkako eraso bortitza bizi dugula" salatu baino lehen. Horren ostean, espetxe barruan daudenen itzalean, kanpoan, "egunez egun, asteburuz asteburu, maite dutenaren egoera isilean sufritzen dutenak, dispertsioa pairatzen dutenak, bere bizia, astebururo espainiar zein frantziar espetxeetarako bidaietan arriskatzen dutenak" omendu zituzten.
Egunero-egunero (lanegunetan) "dispertsioa eta (euren aita-amaren, seme-alabaren, ilobaren, anai-arrebaren...) eskubideen etengabeko urraketa" ematen dela salatzen dute, Algortako euskal preso politikoen senideek, Telletxe eta Algortako Etorbidea arteko kalekantoian. Hain zuzen ere, hori guztiagatik, "babesa eta begirunea" adierazi zieten atzo. Euren senide presoen argazkiaren kartelak soinean zeramatzatela, lore bana oparitu zizkioten, baita txalo beroa jaso ere. Hizlariak aipatu kontzentrazioetan parte hartzeko deia luzatu zien San Nikolas plazan bildutako guztiei.
Soto del Realen (Madril) preso daukaten Galder Bilbaok ere ez zuen ekitaldia galdu nahi izan eta, nahiz eta Algortatik 450 bat kilometrora egon, berak espetxe barruan idatzitako bertso sorta abestu zuten bertso eskolan bere ikaskide izan zirenek. Lagunen partetik jasotako txapel bana jantzi bitartean, arreta handiz entzun zituzten Txapirenak eta bertsolari gaztetxoek botatakoak Goikoetxeak eta Saratxagak.
Gurasoak erakundearen izenean, Txusa Etxeandia Bizkaiko eledunak hartu zuzen hitza. Iruñean, Polizia Nazional batek erahila 2004ko martxoaren 13an Angel Berruetaren zenaren emazteak egun batzuk beranduago idatzitako gutunaren hitzak ere gogora ekarri zituen aurkezleak. Etxeandiak "sasi-epaiketatzat" jo zituen kaleratutako bi algortarren eta, orokorrean, euskal gazteriaren aurka burutzen ari diren prozesu judizialak. "Muntai judizial-politikoetan" oinarrituz, Madriletik aurrera daramaten euskal gazteriaren aurkako "etengabeko erasoan" kokatu zituen. Horrekin lotuta, Goikoetxeak oraindik beste epaiketa bat badaukala gogoratu zuen Gurasoak elkarteko kideak. Horretan, 2001eko abuztuaren 5ean Portugaleten izan ziren kale istiluetan, kalez jantzitako ertzainen auto baten kontra koktelak botatzea leporatzen diete algortarrari eta beste bost gazte bizkaitarrei. Apirilaren 7an hastekoa zen epaiketa, baina bertan behera gelditu zen egun bat lehenago, Haika-Segi auzia egiten ari zen aretoan egin behar zelako. 2004ko abenduan ere atzeratu egin zen. Fiskalak 31 urteko espetxe zigorra eskatzen dio bakoitzari. Hala eta guztiz ere, gazteek ez direla "kikiltzen" eta "gogor eutsiko" dutela adierazi zuen Etxeandiak.
Askatasunaren giltza
Algortan ohitura den bezala, espetxetik irtendako azken presoak "askatasunaren giltza" ematen dio irten berri denari. Atzokoan, Jose Luis Francok eman zien giltza Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxagari. 2003ko urriaren 27an atera zen Navalcarneroko (Madril) espetxetik hura.
"Izuaren bulegoan gutariko edonork ukatuko luke bere burua: tortura gorputz biluzi baten gainean egiten den Gernikako bonbardaketa da. Baina hala ere, badago torturari kenduko ez dioten duintasun bat. Duintasun hori testigantza da", jarraitu zuen orduan aurkezleak. Hain zuzen ere, 1937ko apirilaren 26an jasotakoaren 68. urteurrena ospatu den astean, Gernikako arbola horren testigantza den bezala, haritz aldaska bana oparitu zieten Goikoetxea eta Saratxagari, eurek bizi izandakoaren lekuko. Askatasunaren izenean, Mitxel Sarasketak aipatu zuenez, bizi izandakoa eta gero, "Arkaitzek eta Kepak erakutsi duten tinkotasunarekin, haritz horiek ere sendo eta indartsu haziko dira".
Azkenik, espetxe barrutik kanpora ekarri nahi izan zuten gazte biek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren hitza. EPPKk urtarrilaren 3an abian jarritako "borroka dinamikan gogotsu" dabilela adierazi zuen Goikoetxeak. "Eurek barrutik egin arren, guk kanpotik ere indarra egitea beharrezkoa da", amaitu zuen gazteak.
Gaiaren inguruko berriak:
Bihar egingo diete ongi etorri ekitaldia Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxagari (2005 Api 29)
Arkaitz eta Kepari apirilaren 30ean egingo zaie azkenean ongi etorri ekitaldia (2005 Api 20)
Arkaitz Goikoetxea eta Kepa Saratxagari harrera egin diete Algortan (2005 Api 15)
Astelehenean bukatu zen Lejarzegi, Saratxaga eta Goikoetxearen kontrako epaiketa (2005 Api 13)
Berriro atzeratu da Arkaitz Goikoetxea algortarra eta beste bost gazteren aurkako epaiketa (2005 Api 06)
Goikoetxea, Lejarzegi eta Saratxagaren kontrako epaiketa jarraituko du (2005 Mar 17)
Bihar jarraituko du Goikoetxea, Saratxaga eta Lejarzegiren aurkako epaiketak (2005 Mar 17)
Bertan behera gelditu da berriro epaiketa, data zehatzik gabe (2005 Ots 23)
Baliteke bihar amaitzea Goikoetxea, Saratxaga eta Lejarzegiren aurkako epaiketa (2005 Ots 21)
Senideek iragarri bezala, Goikoetxea, Saratxaga eta Lejarzegi epaitzen hasi dira (2005 Ots 17)
Bertan behera gelditu da Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegiren aurkako epaiketa (2005 Ots 14)
Baliteke berriro atzeratzea Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegiren kontrako epaiketa (2005 Ots 11)
Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegiren kontrako epaiketa otsailaren 14an hasiko da (2005 Urt 27)
Otsailean epaituko dituzte Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi (2004 Aza 18)
Algortako presoen gaineko berriak (2004 Urr 29)
Kepa Saratxaga, Endika Lejarzegi eta Arkaitz Goikoetxeari 22na urteko kartzel zigorra jarri nahi diete (2004 Urr 08)
22 urteko espetxe zigorra eskaera Ertzaintzaren muntaia eskandalagarrian (2003 Abe 19)