Ilegalizazioa eta errausketa salatu ditu Udal Batzarrean Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 3a, 19:24

Iragan den ostiralean goizeko 9:30etatik 10:00etara eta Getxoko Udaleko Osoko Bilkura hasi baino lehen, Getxo Biziak kontzentrazioa egin zuen udaletxeko atarian "Ilegalizazioaren gainetik Getxo Bizia" leloa kaleratuz. Azken hauteskunde autonomikoetan ilegalizazioaren aurkako mezu argiarekin EHAK-k lortutako emaitzak zoriondu nahi ditu Getxo Bizia herri plataformak. Getxon ere ilegalizazioa gainditzeko bidean jarri dute 3.650 hautesleek eta udal hauteskundeak izatekotan bi zinegotzi postu legozkioke eskubide zibil eta politikoen aldeko hautes zerrendari. Udal Batzarrean ilegalizioak eta errausketaren inguruko kezka azaldu zuen Getxo Biziak. Irudian, Getxoko zabortegia.

Hauteskunde hauen ondoren beraz, indarturik zabalduko du Getxo Bizia herri plataformak 2003an herriak emaniko ordezkaritzaren aldarrikapena. Bi urte igaro dira jadanik eta berandu baino lehen bete behar da hautes ontzietan herriak emaniko hitza. Atzerapen handiagorik gabe udal gobernuak utzi egin behar dio Getxo Biziari dagokion ordezkaritza postua behin eta berriro eta ezelako lotsarik gabe erabiltzeari eta Ezker Batuak itzuli egin behar dio Getxo Biziari lapurtutako aulkia.

Errausketari ez!

Getxoko zabortegia itxi eta Getxoko hiri hondakinak Zabalgarbiko erraustegira eramatea da EAJren aspaldiko asmoa. Bizkaia eta Gipuzkoako EAJ tematuta dago errausketarekin eta ez da gaurko ez atzoko kontua. Hiri hondakinen bilketa selektiboa eta birziklapena hobesten baditu ere, ardura gabe jokatu du Ezker Batuak azken bi urteotan, ondo jakin behar baitzuen zeintzuk ziren EAJren asmoak. Orain arte bere planak betetzen utzi dio, zabortegia ixteko plangintza aurrera eraman, Getxoko zaramak bertatik eramateko errausketa saritzen duen lehiaketa publikoa egin eta errausketaren koste itzela finantzatzeko ikaragarrizko tasa igoera ere onartu egin du bere baiezko bozkarekin Ezker Batuak.

Lehiaketaren emaitza eta Getxoko hiri hondakinak Zabalgarbira eramateko erabakia ez dira oraindik Udal Batzarrera eraman, baina litekeena da datorren hilabetean edo hurrengoan izatea. Udal Batzarrak horrelako erabakia hartzearen kontra dago Getxo Bizia. Aspaldi ari gara bilketa selektiboan sakontzeko eta tratamendu garbiagoen aldeko aldarrikapena egiten. Baina EAJk tamalez, errausketa ez diren alternatiba guztiak baztertu nahi ditu.

Hiri hondakin solidoen bilketa eta tratamendua udalen eskumena izanik eta ardura hori bere gain hartzeko Getxo udalerri handia izanik ere, Getxoko Udalak ez lituzke bere ardurak beste batzuen esku utzi behar. Gure iritziz hiri hondakin organikoak gure udalerrian bertan biologikoki tratatzeko aukerak aztertu behar dira lehenbailehen.
Ondo dago, ostiralean udal batzarrean entzun ahal izan genuen bezala, gure iritzi honetara beste batzuk hurbildu izana, baina gogoratu beharko genuke PPk bere babesa eman ziola Zabalgarbiren errausketa planta eraikitzeari Bilbon.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun